PLANETA ETA BIZITZA ALDARRI ETXEKO PRODUKTUEN ETA ABEREEN ARTEAN
SORTU ZENETIK INGURUMENAREKIKO ARDURA ARDATZ DUEN LABORANTZA EREDUA SUSTATZEA XEDE IZAN DU LURRAMA AZOKAK. HORREN ERAKUSLE, «KLIMA, BIZIA DA» GOIBURUA HAUTATU DU 15. EDIZIORAKO. HIRU EGUNEZ TOKIKO PRODUKTUAK EROSI ETA LANDA EREMUETAKO BIZITZA SENTITZEKO AUKERA IZANGO DA BIARRITZEN. NOIZ ETA ASTEBURU EURITSU BATEAN.
Atzo ateak zabaldu zituen Lurrama azokaren programa oparoa izango da. Hiru lurraldeetako laborari eta hazleak izango dira, urtero bezala, Lurramako protagonista nagusiak.
Hiru egunez Biarritzeko Irati erakustazokak dituen 6.000 metro karratuek hartuko duten merkatua prestatzeko azken lanetan jardun zuten atzo buru belarri nekazari eta boluntarioek goizean goizetik. Alde batetik, egunero, elikagai sanoak eskainiz, «herritarren osasunaren zaintza» hartzen duen lehen sektoreko gizon-emazteen lagin esanguratsua bildu zen. Bestetik, beraien ondoan, azokaren funtzionamendua posible egiten duten boluntarioak elkartu ziren. Asteburu osoan zehar 600 inguru izango dira.
Bere 15. edizioa kari Lurramak zehazturiko helburua aintzat hartuz gero, «bioaniztasunaren zaindari» gisa ere aurkez ditzakegu euskal kostaldean antolatutako ekitaldi nagusien artean kokatutako azokaren eskaintza oparoa izatea bermatzen duten laborariak. Finean, «eguneroko keinuen bitartez, berdin bertako haziak hobetsiz transgenikoen aurrean, berdin eritasunak ekiditeko pestiziden ordez erremedio naturalak entseatuz, planetaren bizia babesten dutelako», irekiera ofizialeko ekitaldian agerian jarri zutenez.
Bertako ekoizleen produktuak erosteko aukera eskaintzeaz gain, Irati erakustazokan erakusketak, trailerrak, bazkari-afariak, kontzertuak eta bestelako animazioak ere izango dira.
Trukaketa eremua
Lurrama, ezer baino gehiago, trukerako aukera ugari eskaintzen dituen topalekua da, nekazaritza eremuen eta hiriguneen artean bereziki, baina ez soilik, hariak ehuntzeko gune erraldoia baita. Edozein azokak eskaintzen duen zuzeneko salmentatik harago, egitasmoen «askotariko trafikoa» sortzen da Lurraman. Hala, gogoeta eta ibilbideen partekatze horren baitan, aurtengo programak erresistentziaren apologia ere egiten du.
Erresistentziak ikuspegi poliedrikoa hartzen du Lurraman. Ezinbestean, tokiko garapena eta ingurumenaren errespetua ardatz dituen bertako laborantzak molde ezberdinak baliatzen dituelako nekazaritzako elikagaien industriak ezartzen dituen moldeak eraldatzeko. Hartara, Arto Gorria elkarteak ekarpen berritzailea ekarri du aurten Biarritzera. Soilik bertako arto-gorri irina erabiliz egindako taloak eskaintzeko postu ibiltaria jarri dute Itsasuko errotaren erabiltzaileek Lurramara hurbilduko diren milaka herritarren gosea asetzeko. Bezeroen eskas ez ziren atzo eguerdian. Beste berrikuntza bat, barazki, fruitu eta lekaleen landatzeari gune bat eskaini diotela.
Lurrama zabaltzen den egunean, eskoletatik etorritako haurrak jaun eta jabe izaten dira. Horrela gertatu zen atzo ere. Goiz partean bereziki, gaztetxoen irriek eta hizketaldiek bete zituzten azokako korridoreak. Etxaldeetako abereek jaso zituzten beraien begirada gehienak.
Biarritzeko ikastolako ama eskolatik 22 haur bertaratu ziren, Garbiñe Intxausti irakaslearekin. «Gela apaintzeko» ardi ile sorta oparitu zietelako kontent ziren. Irakasleen akuilu lanari esker, altuera eskas zuten kuxkuxero anitz hurbildu ziren biodibertsitatea oinarri hartuta, landaketa molde eta produktu ezberdinak erakusteko xede sorturiko eremura.
Planetaren aldeko mobilizazio erraldoien garaian, klima aldaketa denon ahotan izango da aurtengo Lurraman. Mahai inguruetan zein konferentzietan soilik ez, apainduretan ere horren arrasto nabarmena bada.
Borrokaren gorazarre
Azken hilabeteotan Iparraldeko karrikak bete dituzten klimaren aldeko ekintzaile gazteek ongi dakiten bezala, klima eta laborantza guztiz loturik daude gaur egun. Horregatik, arnasa luzeko eraldaketa esperientziak azaleratu nahi izan dituzte aurten Lurramako antolatzaileek.
Hori dela eta, «laborantza arloko borrokalariak ohoratuko» dituzte igandean antolatu duten gaualdian. Giroa berotzeko, barnealdeko etxalde txikietako ahate hazleak sostengatzen dituen The Inspector Cluzo rock taldea ariko da. ELB sindikatuak iaz gertatu zen hegazti gripearen auzian erakutsi zuen «erresistentzia jarrera» goraipatuko dute ekimen horren bidez.
Data esanguratsu baten bezperan egingo da, gainera, igandeko gaualdia. Izan ere, biharamunean, azaroaren 11n, jai eguna izango da Estatu frantsesean, 1914-1918ko armistizioaren urteurrena ospatzen baita. Pasarte historiko horretatik tiraka, «erresistentzian aritu ziren antzinako borrokalariei» egin ohi zaien omenaldia moldatuko dute Lurraman, hain zuzen ere, frantses osasun agintariek inposatu nahi izan zuten ahateak akabatzeko aginduaren kontra matxinatu ziren hazleen balentria aldarrikatzeko.
Laborariek eginiko azterketa egokia zela frogatuta geratu zen iazko hegazti gripearekin. Izan ere, Zuberoan eta Behe Nafarroan bertako ahate arrazak ekoizten dituzten haztegi txikietan ez zen agertu gripea. Alta, desobedientzia ekimenak egin zituzten laborariak auzitegietara eraman zituzten eta beraiek sostengatu zituen ELB sindikatuari isunak ezarri zizkioten.
Edozein kasutan, erresistentzia bultzatzearekin batera, etorkizun berria ereitea xede dute, inoiz baino gehiago, laborantza alorreko euskal eragileek. Horri begira, ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuen artean hari berriak sortzearekin batera, sektorearen baitan aliantzak nahi dituzte sustatu.
Ibilbide horretan, euskal lurraldea osotasunean hartu nahi dute eragileek. Horren erakusle, aurten, lehenaldikoz, Lurramako antolatzaileek azokaren gonbidatu gisa Euskal Herriko lurralde bat aukeratu dute: Nafarroa. Hain zuzen ere, «Nafarroako produktuen aniztasuna, bertako kabalak eta sukaldaritzak dituen berezitasunak lehen mailan jarrita» egin dute. Bizi Lur elkarteko Sandra Ruiz Santamaria Arizkurengo nekazariak, gonbidapena «pozez baina arduraz» hartu dutela nabarmendu zuen.
Nafarroa hautatu badute, antolatzaileen esanetan, «Iparraldetik hurbil egon arren, paisaia eta laborantza lur desberdinak dituelako» izan da. Horrek jardun osagarriak plantan emateko orube oparoa eskaintzen du. Gauzak horrela, Iratiko eremura sartu eta berehala sumatzen ziren atzo Nafarroaren kolore eta usainak. Erakusmahai luze batean, mugaren bi aldeetan zabaltzen den herrialdean ekoizturiko hamaika produktu ziren, Lurramak eskura jartzen duen menuaren aperitifa gisa.