NOV. 15 2019 Pentsiodunak ez dira fio hitzekin eta bien bitartean kalean jarraituko dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek ondo baloratu dute PSOE eta Podemosek sinaturiko aurreakordioa, baina ez dira fio. Biharko manifestazioetan pentsio sistema publikoa «legez» berma dadila eskatuko dute. GARA DONOSTIA Pentsiodunek ia bi urte beteko dituzte astelehenero mobilizatzen. Bihar, berriz, hitzordu berezi bat dute iragarrita eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran manifestatzeko deia egin dute. Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ziurtatzea nahi dute eta pentsioak KPIaren arabera igotzea; baina, batez ere, horiek guztiak bermatzeko, pentsio sistema publikoa «legez» ziurtatzea izango dute lehentasunezko aldarrikapen. Hori adierazi zuten atzo pentsiodunek Bilbon eta Donostian egin zuten prentsa agerraldian. «Pentsioen Legea» eskatzen dute beraien aldarrikapen guztiak jasotzeko eta, hala, pentsio duinak bermatuak egon daitezen. Pentsio plan pribatuek dituzten abantaila fiskalak ezabatzea ere eskatzen dute. Baikor agertu ziren PSOEk eta Podemosek Estatu espainola gobernatzeko sinaturiko aurreakordioarekin, «gobernu aurrerakoia eratzeko asmoa» erakutsi dutelako, baina agerraldian ohartarazi zutenez, ez daude «betiko istorioa entzuteko prest». «Hemezortzi hilabete izan dituzte pentsio sistema publikoa bermatzeko eta ez dute egin», adierazi zuten. Bihar arratsaldean kalean plazaratuko dituzte aldarrikapenok eta abenduan Gasteiz eta Iruñeko Legebiltzarrera eramango dituzte. Horiek lege-proposamena eratu eta Estatu espainoleko diputatuen kongresura eramatea dute helburu: «EAE eta Nafarroaren batasunarekin, Kongresuan lekua izango dute gure aldarrikapenek». «Hitzak haizeak eraman ohi ditu», esan zuen Alderdi Ederreko Pentsiodunen plataformako kide Maria Serranok; ekintzak eskatzen dizkiete Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei. Bilbon, lau zutabe Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, sindikatu guztiak, ikasle eta feministen plataformak eta beste hainbat eragile atxiki dira mobilizaziora. Bilboko manifestazioa lau zutabetatik abiatuko da 17.00etan (San Pedro plaza, Zabalburu, Kale Nagusia eta Areatza). Moyuan batuko dira eta eta udaletxean bukatuko dute protesta. Donostian, ohi bezala, Alderdi Ederren hasiko da, 17.00etan; Hernani kalea, Askatasunaren hiribidea eta Okendo kalea zeharkatuko dituzte, Bulebarreko kioskoan amaitu aurretik. SEI MOBILIZAZIO Hego Euskal Herriko pentsiodunak kalera aterako dira bihar. Sei mobilizazio egingo dituzte. Iruñea (17.00), Bilbo (17.30), Donostia (17.00), Gasteiz (18.00), Eibar (12.00) eta Tuteran deialdi bana iragarri dute. ATXIKIMENDUAK Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak atxikimendua agertu du. Horrez gain, sindikatu guztiek, ikasle eta feministen plataformek eta beste hainbat eragilek adierazi die babesa pentsiodunei.