NOV. 18 2019 HERRI KIROLAK Iker Vicentek bosgarrenez irabazi du Nafarroako Aizkolari Txapelketa Juan Jose Lopezi eta Jon Rekondori aurrea hartu zien Otsagabikoak, bainaegurrak ez ziren onak atera eta egindako denborak nahiko apalak izan ziren. Andres OSA «SAKONA» Ostiralean jokatu zen, Donezteben, Nafarroako Aizkolari Txapelketako finala eta Otsagabiko Iker Vicente gaztea izan zen azkarrena lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzen. Txapeldunaren esanetan, egurrak aski traketsak izan ziren, barruan adarrak zituztenak eta bestela ere aski eutsiak. Beharbada, horrekin uler daiteke marka motela egin zuela esaten badugu. Iker Vicentek aipatu dugun lana egiteko 32 minutu eta 16 segundo behar izan zituen. Bigarren Juan Jose Lopez izan zen: 33 minutu eta 57 segundo. Hirugarren, Jon Rekondo: 34 minutu eta 18 segundo. Bosgarren, Ruben Saralegi: 38 minutu eta 55 segundo. Eta seigarren eta azken, Joxean Etxeberria: 39 minutu eta 4 segundo. Atzo, Iruñean, Lau eta Erdiko finaleko pilota partida hasi aurretik, Nafarroako Gobernuak ongi merezitako omenaldia egin zion Iker Vicenteri, azkenaldian izan dituen garaipen handiak –Euskal Herriko Txapelketa tartean– goraipatuz. Asteburuko beste saio garrantzitsuena Amezketako pilotalekuan jokatu zen larunbat arratsaldean, harri-jasotze lehiaketa klasikoa bezain berezia. “Albizuri Handi” harri baldarrak ezusteko galanta eman zuen. Harri-jasotzaile bakoitzak lanerako 10 minutuko txanda zuen, eta irabazlea Jokin Eizmendi zarauztarra izan zen, 11 jasoaldi eginaz. Xabier Peñagarikanok 8 jasoaldi egin zituen eta Beñat Telleriak, bat gutxiago, 7. Aimar Galarragak 5 jasoaldirekin agortu zituen hamar minutuak. Imanol Illarramendi “Kortaberri”, berriz, 4 leporatzerekin geratu zen. Eta seigarren Gorka Etxeberriak amaitu zuen, 3 jasoaldi eginda. Ezusteko handiena Aimar Irigoienek eman zuen; hamar minutuan ekin eta ekin eta ezin izan zuen harria paparretik gora pasatu. Lurretik atera ezinean aritu zen, gorriak ikusi zituen eta indarrak hortxe erre zituen. Eta papar gainera nekez eraman zuenean, hortik gora ezinean gelditu zen. Benetan egun aldrebesa izan zuen. Pilotalekua, beteta, harri eta zur gelditu zen, baina zerbaitegatik du “Albizuri Handi”-ak horrelako ospea. Josu Urbieta ere harria leporatu ezinik geratu zen, esaterako. Sokatira Laukizen izan da asteburu honetan 4x4ko Euskal Herriko sokatirako bigarren jardunaldia. Gizonezkoak 320 kilotan eta emakumezkoak 240 kilotan neurtu ziren. Tiraldi bikainak izan ziren eta ikusi zen zortziko talde indartsuak sortzeko oinarria badagoela, batez ere Munduko Txapelketa gainean delako, otsailean Irlandan. Laukizen 240 kilotan Beti-Gazte izan zen onena. Ondoren Ibarra, Antsoain, Gaztedi eta Bizindar sailkatu ziren. Gizonezkoen 320 kilotan, Gaztedi izan zen aurrena, eta segidan sailkatu ziren Beti-Gazte, Ibarra B, Ñapurrak, Ibarra A, Txantrea, Berriozar eta Bizindar. Aipatu kategorietan azken jardunaldia heldu den larunbatean jokatuko da, Ibarran. «ALBIZURI HANDI» Amezketan, «Albizuri Handi» harriarekin Jokin Eizmendi izan zen onena, hamaika jasoaldi emanda. Harriaren zailtasunaren adibide ona izan zen Aimar Irigoien jasoaldi bakar bat ere eman ezinik ikustea.