NOV. 21 2019 JOPUNTUA Smartphoneei jarraipena egiteaz Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Espainiar Estatuko estatistika institutu publikoak smartphoneen jarraipen datuak eskatu eta ordaindu ditu. Helburua: herritarren ohiko mugimenduak aztertuz, azpiegiturak eta garraio zerbitzuak hobetzea. Aliatuak: Vodafone, Orange eta Movistar telekomunikazio operadoreak. XXI. mendeko estatistika big data deitzen dela diote. Orain datuak modu masiboan azter daitezke. Eta hori da auzi honen aldaketa handietako bat: lehen paperean eta lagin adierazgarri batekin jasotzen zituzten datuak orain digitalki eta modu masiboan eskuratuko direla. Operadoreek jasoko dituzte, orain arte bezala, jasotzera behartuta baitaude, krimen kasuak argitzeko behar balira ere. Jaso, anonimizatu (esan dutenez) eta estatistika institutuari emango dizkiote. Hau guztia albiste bilakatu zenean plazaratu zen, esaterako, espainiar Estatuko Sustapen Ministerioak iaz egin zuen antzeko azterketa bat. Horretan, ordea, ez genuen datu-emate horren berri izan. Eta orduan ez zen operadoreek jasotako datuak hirugarren bati emateko erabakia herritarren esku utzi (oraingoan Vodafonek eta Orangek aukera eman dute, eta Movistarrek ez). Eta jakin nahi nuke operadoreek egin behar duten zein zereginek balio duen oraingoan 500.000 euro. Zoritxarrez, eztabaida nagusia arlo juridikoan zentratu da. Hau da, datu pertsonalen babeserako legea betetzen den ala ez. Legearen barruan ez balego, delitua litzateke. Eta auzia beste bat. Baina legearen barruan egonda ere, zilegitasunari buruz aritu beharko genuke: ez dakigu estatistika institutuak zehatz-mehatz zein datu jasoko dituen; ez gerora eskuragarri jarriko dituen; ezta honekin datuen erabileran ireki nahi duten bidea zein den. Egoki ikusten dut administrazio publikoak gisako estatistikak egitea, big data erabiltzea, alegia. Baina ezinbestekoa iruditzen zait datuen erabileraren markoa definitzea (edota mugatzea), aurretiaz informazio zehatza jasotzea, azterketaren parte izan nahi dudan ala ez erabaki ahal izatea eta emaitzak eskuragarri jartzea. Hori guztia exijituko nuke: legala dena zilegi bilakatzeko. Ezinbestekoa iruditzen zait datuen erabileraren markoa definitzea (edota mugatzea), aurretiaz informazio zehatza jasotzea, azterketaren parte izan nahi dudan ala ez erabaki ahal izatea