GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Koalak gogoan


Aspaldi honetan hormako mapamundiko han-horko hainbat koloretan kaleak sutan dira, kontuak kontu, baina sutan. Urruneko kontinentean ere sutan, basoa oraingoan, eta koalak handik askatu behar izan dituzte. Mediterraneoko urak ere sutan, eta ontziratutako pertsonak portu baten bila, jitoan, duintasunean behintzat koalen pareko hartuak izan nahirik, noraezetik “norabaira” pasatzeko. Udalbatzaren bat ere fobiako sutan, euskaldunek suaren kontrako mihia jantzi behar izango dutela, kalean bertan; odolak su gabe dirakien seinale. Koalak gogoan! Eta suzko probak abian gertuko erraustegian, errauts horietatik lohi garbiak aterako direla…

Koalena burutik kendu ezinik “irteera argiak” irakurri dut orria pasatzean, eta zera pentsatu ere, bazen garaia, kontxo! Politika 4.0 behingoz! Bada ez, disko berri baten izena zen. Iradokitzailea edonola ere, are gehiago izenak izana badu. Izan ere, aurrean ditugun era askotako matazetatik askatuko bagara irteerak behar dira, eta argiak gainera. Ez dadila gertatu konponbideen bila joan eta hor-konponbideekin topo egiten dugula, horretarako badago, egon, eliza bera! Amen!

Tira, Murgoitio harira! Kontxo Prontxio! Urte amaieraren hasieran garela, zer eta? Durangon Azoka ote? Bai, horixe ere, baina ez, beste kontuaz ari naiz, aurrekontuaz! Kontuen kanpaina Legebiltzarraren itsasoan, kuotak aurretik ezarrita. Beti pentsatu dut aurrekontuak, azken finean, “atzekontuak” direla; lehen mugak ezarri, buruan batez ere, eta gero harako bidea egin, zenbakien dantzan.

Eta zer esan Autogobernu Batzordeaz? Biltzarrak horren oinarriak lege jartzeko agindu, eta, Batzordea, teilatu-hegaletan tematu. Nondik zatoz, zizarea haurdun. Ez ninduke harrituko batzordekide batzuk bideoklipez “hiru teilatu gainean” kantatzen ikusteak. Ama, ama, ezin koalak buruko adarretik askatu!