EDITORIALA
EDITORIALA

Pasioa, anbizioa, musikarekiko maitasuna, lana eta asmo sakona

Harro, lehertuta, hunkituta, hustuta, berotuta, aske, sinetsi ezinik, pozik, ez bata eta ez bestea… Zaila da Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre agurraren ostean nola sentituko diren imajinatzea. Berri Txarrak taldearen jarraitzaileak nola egongo diren aurreikustea ere ez da erraza. Tira, lerrook argitaratzen direnean, horietatik batzuk oraindik Iruñean egongo dira, akaso gaupasa eginda, agian esnatu berri, guztiak bart edo herenegun bizitakoa gozatzen, eta, halere, penaz, amaitu delako. Atzokoa ez da agurreko kontzertu soila izan, Iruñeko azken bi hitzorduak izan ez diren bezala. Urtebetez luzatu den agurra latza izan da, Berri Txarrak taldea bera izan den bezalakoa: bikaina, ausarta, luzea eta handia, oso handia.

Urteotan guztietan eskaini dutena itzela izan da. Musikatik, baina baita musikatik harago ere. Dogmak hautsi dituzte, egin ezin zena egiten ausartu dira, eta ondo egin daitekeela erakutsi dute.

Musikaren ikuspuntutik, hirukote batek hain soinu indartsua lortzea azpimarragarria da. Zuzenekoetan paregabeak izan dira. Taldearen bilakaera ikusgarria izan da. Justuak izateko, amaiera loriatsua ezinezkoa litzateke sustrairik gabe. Gorka Urbizu aipatu behar da ezinbestean, ez soilik musikari gisa, baita asmo kultural sakoneko sortzaile gisa ere. Erakutsi dituen pasioa, nortasuna eta balioak txalogarriak dira. Maila bat gorago eraman du taldea eta, Berri Txarrekekin batera, baita euskal rocka bera ere.

Jakina, BTX tradizio baten parte da: musikarekin, euskal kulturarekin eta herriarekin konpromisoa ardatz izan duten musika taldeen zerrenda itzel baten katebegi garrantzitsua. Tradizio horren ildotik gauza interesgarriak ari dira egiten, ez soilik musikan, baita antzerkian eta zineman ere, adibidez. Horien balioa nabarmentzen asmatzea garrantzitsua litzateke.

«Azkarrago, ozenago», rockaren izpirituari jarraituz, Berri Txarrakek euskal kultura bizkortu eta munduan entzungarri egin du. Kulturak duen indar askatzailea zabaldu du. Indar hori ez zen bart agortu. Ez dadila haria eten.