Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA
EMAKUNDEREN IKERKETA

Hezkidetzaren bidez aldatuko dira nerabeen kode digital matxistak

Nerabeen mundu digitala kontraesankorra da (hagitz espazio subertsiboak daude, baita segmentu matxistak ere). Aldaketarako pitzadurak antzematen dira, batez ere (ziber) feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoaren bidetik. Estibaliz Linaresek egindako eta Emakundek plazaratutako ikerketaren emaitzak dira.

Eremu digitalean nerabeen artean transmititzen den sexismoa eta matxismoa ikertu du Estibaliz Linares Bahillok. Emakundek kaleratu du azterketa. Teknologien abilezia eta erabileretan genero arrakalak egonkortu direla frogatu du Linaresek. Gauza bera gertatzen da emakumeen gorputzen hipersexualizazioarekin, gizonezkoen menderatze digitalarekin eta ziberindarkeriarekin, hala nola ziberjazarpen sexual eta sexistarekin.

Aldaketarako pitzadurak eta aukerak antzeman ditu ikerlariak, batez ere (ziber)feminismoaren, hezkidetzako pedagogiaren eta alfabetizazio digital kritikoaren bidetik.

“El iceberg digital Machista: análisis, prevención e intervención de las realidades machistas digitales entre la adolescencia en la CAE” izeneko azterlana Emakundek argitaratu du, gaztelaniaz, berdintasunari buruzko ikerketak zabaltzen laguntzeko deitzen duen lehiaketaren seigarren edizioa irabazi baitu.

Nerabeekin elkarrizketak

Egileak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera aurkeztu zuen atzo ikerlana. Azaldu zuenez, emakumeen eta gizonen genero desberdintasunek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen interakzio digitalean duten eragina aztertu du. Dokumentuak ikertuz eta aro digitalean jaiotako nerabeekin elkarrizketak eginez, generoko desberdintasun sozialak eremu digitalera transmititzen direla egiaztatu du.

«Hala, sendotu egiten dira, besteak beste, generoaren araberako arrakala digitalak teknologien trebetasunetan eta erabileran, emakumeen gorputzen hipersexualizazioa eta hipererotizazioa sarean (neska nerabeak pisu eta presio horrekin bizi dira), gizonezkoen menderatze digitala, eta ziberjazarpen sexual eta sexista bezalako ziberindarkeriak». Ikerketan jasotzen denez, egoera horretan babesgabetasuna sentitzen dute nerabeek aurrena, eta gero elkarren arteko lehia. Hori traba da ahizpatasunarentzat eta norberaren eta kolektiboaren boteretzearentzat.

Aldaketarako pitzadurak eta aukerak antzematen ditu egileak, batez ere (ziber)feminismoaren, hezkidetzaren eta alfabetizazio digital kritikoaren bidetik.

Ikerketaren hasieran, ibilbide bibliografiko zatikatua egin du Linaresek, hiru bloketan banatuta. Horietan, nerabeen mundu digitalaren egoera aztertu du genero ikuspegitik. Hamaika institutuk parte hartu dute, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleekin.

Emaitzen artean, honako hauek azpimarratu zituen: «Nerabeen mundu digitala kontraesankorra da. Oso espazio subertsiboak eta feministak daude, baina baita segmentu matxistak ere». Egilearen arabera, sareak lotura indartsuak sortzen ditu. Horiek egitura matxistaren kontra egiteko mekanismo apartak izan daitezke. Horrek aukera eta arriskuen agertoki batera eramaten gaitu. Genero tradizional eta disidenteak daude bertan.

Nerabezaroan, generoaren araberako arrakala digitalak antzeman dira. Zehazki, bideo-jokoak «oztopo garrantzitsuak dira nesken karrera informatikoetarako. Bideo jokoen edukian eta Youtuben sexismoa eta matxismoa daude».

Sare sozialetan ikusi du irudia nagusitzen dela eta horrek bereziki neskei egiten diela kalte. Nesken aurkako ziberindarkeria modu zehatzak errepikatzen dira (ziberjazarpen sexualak eta sexistak). Nerabezaroan, eta bereziki nesken artean, maitasun erromantikoaren mito batzuk normalizatuta gelditzen dira eta horrek mendekotasunean oinarritutako harremanak izatera eramaten ditu.

Azken ondorioa da hezkidetza eta prebentzio programen bidez eraldaketa sakonak sor daitezkeela nerabeen kodeetan.