NOV. 30 2019 poesía Itsaso zabal eta sakonak Alex URIARTE Maite ditut orain arte ezezagunak diren egile hasiberriak eta horiek argitaratzen dituzten ekarpenak. Batetik, influentzia edo iturri guztietatik edan dezakete, publikatzea balentria galanta den garaiotan. Bestetik, ez dute egile eskarmentudunei dagokien penitentziarik: ez dute irakurleari huts egitea edo beraietaz espero dena ez betetzea moduko ertzen gainean zertan kulunkari ibili. Halaber, hastapeneko lana, sarri, introspekzio- zein ezagutza-prozesu sakon baten emaria izaten da eta horrek erakargarritasuna ematen die autore gazteon opera primei. Nago aipaturiko dena betetzen duela euskal letren eszenan agertu zaigun Elena Olavek (Durango, 1997), “Zeldak. Gorputz honetatik” lehen lanaren bidez (Balea Zuria, 2019). Bere esanetan, berben bitartez adierazten gaitza den zerbait azaleratzeko zidorra da obra hau; alegia, poesiak behar lukeenaren egiteko esanguratsuenetako bat. Egile beteranoaren moldeak eta ñabardurak dakartza bizkaitarrak, eta produktu honen antolaketa bera ere ez da atzean geratzen. Izan ere, ez da kasualitatea lanak “Zeldak” deitura izatea, ze adinez gaztea izanagatik, Louise Bourgeois handiaren zeldetan zuztarturik dago, eta modu horretan banatu du bere etorria: zeldetan. Hiru dira obra atontzen dutenak: “Existentziaren egitura”, “Logela gorria” eta “Azken goraldia”. Gero zera esango dute askok, literatura ezin lotu daitekeela gainontzeko langai zein arteekin. Beste mito bat lurpera. Poemarioan zehar, egilea bilaketa-ibilbide batean murgilduta dagoela sumatzen da. Inguru sasiburges honetan bere tokia topatu nahi eta ezinean dagoela dirudi, hausnarketaren lurretan barrena. Gaztetasuna, bidenabar, ez da horretarako oztopo: autore heldu baten jarioa darabil; testuen erritmo-olgetetan, kadentziaren kudeaketan, aberastasunean eta erakusten duen nortasunean igar liteke hori. Goian aipatu legez, baliatu dituen erreferentzia kultural, artistiko edo literarioek ere heldutasunaren zantzuak dakartzate. Lanaren hasiera, kasurako, ia-ia bere herrikidea den Joseba Sarrionandia Iurretako maisu handiaren hitzez josi du, alajaina. Subjektu poetikoari dagokionez, ez da guztiz argi adierazten. Batzuetan, ni baten ahotsa erabiltzen du Olavek, baina tarteka-marteka gu baten kolektibotasunera ere jotzen du, gai sozialetan sakontze aldera, gehienbat. Horrek, noski, nolabaiteko jarraipen-lan bat eskatzen dio irakurleari, atal bakoitzeko edukiak barneratzeko. Izenburuaren bigarren atala ere (“Gorputz honetatik”) ez da hala moduzko aukeraketa baten emaitza. Gorputza bera lan honen irakurketan nahitaezko lanabesa da; adibidez, bakoitzaren identitatearen bilaketaz, garapen pertsonalaz, giro burgesekiko ezintasunaz edo kontraesanen eremuez diharduenean, gorputzak badu zeresanik. Egileak berak aitortutakoari jarraituz, gorputza osagai gisa ulertuz irakurri beharreko lana da. Aldarrikapenak egiterakoan ere, norbanakoa osatzen duten zati denak aintzat izan behar direla iradokitzen duen lana da. Gaztetasuna aurpegi biko ispilua da; kudeatzen zaila, zinez. Gaztea izaki, ez da erraza aurrekariengandik edan, nork bere ahots enuntziatzailea sortu, kontraesanei iskin egin eta maila honetako lan bikain eta birjinak ekoiztea. Barne-guda nahiz zalantza anitzen ifrentzua da lan hau, eta horrek eragin du bere irakurketa niretzat benetan berezia eta zintzoa izatea. Hasi berria den egile honi ez zaio presio gehigarririk leporatu behar baina, etorkizunera so, itsaso zabal eta sakonak ekarriko dizkigun bihozkada dut.