GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Amorrazioa


Zubietako errauste planta hasi da kea botatzen. Etxeko leihotik ikusten dugu usurbildarrok. Batzuek axolagabetasunez begiratuko diote; seguru asko izango dira asetasunez «bazen garaia» pentsatzen dutenak ere. Nire ustetan, ordea, gehienok kezkaz edo beldurrez begiratzen diogu eta askok, amorruz.

Izan ere, amorrua ematen du hainbeste urte borrokan emanda, hondakinen gutxitze, bilketa eta birziklatze arloan egin dugun ahalegin itzelarekin (%90 birziklatzen dugu) halako sistema ez dela beharrezko frogatu denean, errausketak dituen arrisku ezagunekin eta ezezagunekin, egin diren mobilizazio, ikerketa, landu diren alternatibekin… eta orain ke hauek «jan» behar!

Ez sartu politika kontutan, ez nahastu hau eta bestea politikarekin, hori alderdien arteko borrokak dira… Zenbat bider ez ote ditugu horrelakoak entzun. Errausketaren ondorioen beldur diren herritar askok ere «alderdien lehiatik» at kokatu dute beren borroka, borondate onez horrela «entzunagoak» izango zirelakoan…

Alta, jaun-andereok, erraustegi hori afera politikoa da goitik behera. Erabaki politiko bat dago hasieran, erdian, bukaeran. Are, politika egiteko modu bat dago atzean eta baita gure muturren aurrean ere. Zuhurtasun printzipioa alboratuta, interes politiko eta ekonomiko jakinak lehenesten dituztenen moduak. Eta hori dena muturren aurrean izanda ere, haiei botoa ematen segitzea ere erabaki politikoa da.

Baina honen guztiaren atzean ere bada erraustegiko ke madarikatu horiek baino arriskutsuagoa den beste mezu subliminala: hainbeste lan eta borroka alferrikakoak direla sinestaraztea, alegia; politika ulertzeko eta egiteko jauntxokeriazko modu bat finkatzen duena. Bada, ez da hala. Hasteko «beraiek» nahi zuten baino erraustegi txikiagoa egin behar izan dute, herritarrok (eta ez soilik usurbildarrok) arazoaz kontzientzia askoz handiago dugu, eta nagusikeriaren ardura ezak ahaldundu egin gaitu. Eta hau ez da amaitu. Horren lekuko da behatze lana egingo duen herritar taldea sortu izana.

Amorratuak egonagatik, izan ziur jarrera horiek direla «haiek» gehien amorratzen dituztenak.