GARA Euskal Herriko egunkaria
54. DURANGOKO AZOKA

GOIZEAN GOIZ ETA ZERRENDA ESKUAN

GOIZ IBILTZEA ETA ZER ETA NON EROSI ARGI IZATEA DIRA BISITARI GEHIENEK JARRAITZEN DITUZTEN GOMENDIOAK. LEHEN ORDUAN LANDAKON SARTZEN DIRENAK DIRA LASAIEN IBILTZEN DIRENAK, BAITA NOBEDADEAK DESKUBRITZEKO AUKERA GEHIEN DITUZTENAK ERE. 


Landako zabaldu aurretik eraikin inguruan pilatzen den jendea dago goizero, baina, zertarako, azoka egun osoan zehar zabalik badago? Bisitariek beraiek eman digute erantzuna, goiztiarrenak baitira lasaien erosten dutenak. Gainera, goizeko lasaitasunaz baliatzen direnek etxeko lanak eginda ekartzen dituzte eta badakite zer erosi nahi duten eta non aurkituko duten.

Berri Txarraken postuan Gorka Urbizurekin argazkia atera zuen Errenteriatik heldutako Ainara lasartearrak. «Lehen helburua Berri Txarraken argazki liburua [“Berba eta irudia”] erostea zen, taldearen standean jende asko egongo zela bainekien. Orain beste liburu batzuk begiratzera joango gara. Inoiz ezin da jakin zein egun izango den okerrena, baina beti egoten da jende asko eta horregatik goiz xamar etortzen gara», kontatu zigun.

Ondoko standean aurkitu genuen Esther, Alazne eta Maitane alabak alboan. Txikientzako gauza pila erosiak zituen jada: «Zerrenda bat dugu eta erosketa horiek egitera etorri gara. Zea Maysen diskoa, Go!azenen diskoa eta liburua, eta Toti Martinez de Lezearen ‘Nur’ liburua». Amaren ustez, oso giro polita egoten da azokan eta beraiei, durangarrak izanik, egunerokotasuna apurtzen bazaie ere egunotan, asko gustatzen zaie.

Igor eta Xabi ere Durangokoak dira eta atzo Landakora helburu zehatz batekin gerturatu ziren. «Totiren ‘Sorgin belarra’ erosi genuen atzo [herenegun], baina ilara luzea zegoen eta gaur [atzo] sina dezan bakarrik etorri gara. Nire kasuan opari bat da. Mari Domingi bat ere erosi nuen etxean apaingarri bezala jartzeko», kontatu zigun Xabik. Igorrentzat, berriz, «artista berriak ezagutzeko zein dagoeneko desagertuta daudenak oroimenean izateko aukera eskaintzen du azokak».

Durangoko hirugarren taldetxo bat ere harrapatu genuen jende artean. Jasonek kontatu zigun erostera ez ezik, gainontzeko espazioez gozatzera ere gerturatzen dela egunero. «Atzo [herenegun] ‘Erraiak’ pelikula ikusi nuen eta hunkituta amaitu nuen», aitortu zigun.

Getxoko Josuk, berriz, eskulangintza azoka ikusteko aprobetxatu zuen bidaia. Aurretik, baina, liburu artean ibili zen. Normalean jakiten du zer erosi, baina aurten begiratzera etorri da. Buelta bat eman ostean, Harkaitz Cano eta Adur Larrearen “Antzar eguna” gustatu zitzaion.

Elorrioko Leirek GARAko standean “500 azal-portada” liburua erosi berri zuen. «Opari baterako da eta propio etorri naiz. Jada egin dut egin beharreko erosketa. Hala ere, buelta bat emango dut azokatik», esan zuen. Gertu zebilen Oiartzungo Agustin, eta, azokara «kuxkuxeatzera&csMarker;» etorri zela aitortu bazuen ere, erosi beharreko gauza batzuk buruan bazituela aitortu zuen. Horiek artean zeuden Eñaut Elorrietaren eta Ruper Ordorikaren diskoak eta GARAk salgai duen “ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa” ere. Emazteak nahi zituenak erosteko zituen oraindik, alegia, Toti Martinez de Lezearen eta Eider Rodriguezen azken lanak.

Murgiako Marijek ere bazeraman Martinez de Lezearen liburua poltsan, baita semearentzat komiki bat eta alabarentzat Jasone Osororen irakurketa liburu bat ere. «Juanjok –esan zuen bere kideari begira– Pirinioetan familiarekin ibilbideak prestatzeko liburua erosi du». Esperimentuak egiteko joko baten bila zeuden momentu horretan, gutxi gorabehera non zegoen bazekiten baina ez zuten topatzen. «Guretzat urteroko txangoa da azken argitalpenak ikusteko, umeak txikiak zirenean Olentzerori opariak eskatzeko... Urtero saiatzen gara pare bat egunetan etortzen. Ni ostegunean ikasleekin etorri nintzen, atzo [herenegun] bazkalostean agertu ginen buelta bat eman eta zer erosi nahi genuen erabakitzeko, eta gaur [atzo] ja behar duguna eramango dugu».

Elorrioko Usoak bere txikiarentzako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen karta jokoa, euskal mitologiari buruzko liburu bat eta “Azalerako ipuinak” diskoa erosi zituen, amarentzat Martinez de Lezearen liburu arrakastatsua, eta, berarentzat, berriz, “Sorginak, emaginak eta erizainak”. «Aurrekoan irratian entzun nuen, eta, erizaina naizenez oso interesgarria iruditu zitzaidan», kontatu zigun.