DEC. 10 2019 ALPINISMOA Alex Txikonek hirugarren saioa egingo du Everesten Nepalera joan aurretik, lemoarrak Antartikara bidaiatuko du. Ama Dablam ere helburuen artean du. Andoni ARABAOLAZA Hirugarrenean izango ote da? Galdera hori Alex Txikonen buruan bueltaka dabil. Lemoarrak, atzo, hedabideen aurrean azaldu zuen munduko mendi garaiena, Everest, neguan igotzen saiatuko dela. Beraz, hirugarren ekinaldi bat egingo du. Bitan saiatu da, eta bietan ala bietan ia 8.000 metroko kota ez zuen gainditu. Beraz, berriro itzuliko da 8.848 metroko garaiera duen erraldoi horretara; izan ere, bere helburu nagusia oxigeno artifiziala erabili gabe zortzimilakoaren tontorra zapaltzen lehen mendizalea izatea da. Neguko jarduera horietan eskarmentu handia du, eta prentsaurrekoan oso baikor azaldu zen: «Neguko Everest eta K2 mendietan egin ditudan espedizioetan asko ikasi dut, eta horregatik xede berri honetan sentsazio oso onak ditut. Espero dut azken urteotan jasotako eskarmentua indarrean jarri eta emaitza bikaina lortzea». Agerraldi horretan, alpinista lemoarrak aurreratu zuen Oscar Cardo eta Jonatan Garcia sokakide izango dituela. Eta, jakina, 2016. eta 2017. urteetako ekinaldietan bezala, hainbat mendizale nepaldar. Hain zuzen ere, hiru: Chhiji Nurbu Sherpa, Pechhumbe Sherpa eta Tenjen Sherpa. Nepaldar horiek 30 zortzimilako igo dituzte. Cardori dagokionez, aurreratu behar dugu mendizale espainiar honek Everest ezagutzen duela. Duela hamahiru urte gailurra zapaltzeko aukera izan zuen, baina montzoi aurreko denboraldian. Garcia, berriz, bizkaitarra dugu. Zortzimilakoetara hainbat espedizio egin ditu, eta, bitan helburua bete du: Annapurnan (2017) eta Manaslun (2018). Gogoratu behar dugu, Txikonek zuzenduko duen taldea bakarrik egongo dela. Bederen, aukeratutako ohiko bidean. Eta hori diogu Jost Kobusch gazte alemana zortzimilakoa bakarka igotzen saiatuko delako, baina “Hornbein” korridoretik. Urtarrilaren hasieran, Txikon Nepalera abiatuko da, baina hori egin aurretik, hedabideoi argitu zigunez, beste bi xede esku artean ditu. Beraz, hurrengo hilabeteetarako espedizio “hirukoitza” du. Helburu zehatzik gabe Lehena, Antartikan izango du: «Hego Shetland uhartera bidaiatuko dut. Bertan, oraindik esploratu gabe dauden tontorrak edo ibilbide berriak irekitzen saiatuko gara. Espedizio horretan, hango udan izango dena, beste eite batzuk hartuko ditugu kontuan. Izan ere, garaieraren arriskua edo muturreko hotza ez dituzu jasan behar. Alabaina, oso informazio gutxi dago, itsasoa, zeharkaldiak, igo gabeko mendiak... Bederen, 2006. urtean ‘Al filo de lo imposible’ telebista saioarekin eginiko espedizioan jasotako eskarmentua badut. Ez dugu helburu zehatz bat, aurreratu dudan bezala, ukitu gabe dauden makina bat mendi daudelako». Antartikako espedizioak hilabete baino gutxiago iraungo du, urtarrilaren hasieran Nepalera joango delako. Felix Criado eta Iñigo Gutierrez galiziarrekin Katmandun bat egingo du. Elkartu ondoren, hirukote hori Ama Dablam mendira (6.812 m) joan eta seimilakoa igotzen saiatuko da. Tarte horretan, AMIAB elkarteko mendizale desgaituen talde batekin joango dira: «Hamaika lagunek osatzen dute, eta ni izango naiz taldearen buru. Ama Dablamen egingo dugun saioak nire sasoia prestatzeko balioko dit. Everesten egin nuen bigarren saioan Pumori igo nuen, eta ohartu nintzen aklimatatzeko era egokiena dela. Horregatik aukera dut Ama Dablam». Seimilako hori Everest mendiaren oinarrizko kanpalekura joateko bide berean da. Beraz, lemoarrak logistika guztia kontrolpean izango du. Bide batez, Txikonek aurreratu zuen, kirol jarduerez gain, espedizioak azterketa topografikoak eta meteorologikoak egingo dituela. Diego Martinez argazkilariak, berriz, espedizioa dokumentatuko du. ALEX TXIKON Hirugarrenez, alpinista lemoarra munduko mendirik garaiena, Everest, neguan eta oxigeno artifiziala erabili gabe igotzen saiatuko da. BESTE BI Everestera joan aurretik, Txikonek Antartikara bidaiatuko du. Handik bueltan, Nepalera abiatuko da, eta Ama Dablamen girora egokituko da.