DEC. 12 2019 Europak hainbat zerbitzu eta eremutan euskara indartu behar dela adierazi du Europako Batzordearen txosten batek dio euskararen presentzia eta erabilera indartu beharko litzatekeela, besteak beste, Osakidetzan, Ertzaintzan eta Nafarroako eremu «mistoan» eta «ez-euskaldunean». GARA BILBO Europako Batzordeak, Estatu espainolean dauden hizkuntza gutxituen gainean egindako txostenean, euskararen egungo egoera «egokitzat» jotzen du, baina haren erabilera indartzeko gomendatzen du, eta, ildo horretan, eremu batzuk zehazten ditu euskal hizkuntza gehiago heda dadin, hala nola Osakidetzan, Ertzaintzan, Nafarroako osasungintzan eta «segurtasun arloan», eta herrialde horretan «koofiziala ez den» lekuetan ere bai, hots, «eremu mistoan» eta «eremu ez-euskaldunean». Bi leku hauetan euskarazko zerbitzu gehiago emateko galdegin dute Europako instituzioek, eta aipamen honek garrantzi handia dauka, duela gutxi Nafarroako Auzitegiak «eremu mistoan» euskara meritu gisa aintzat hartzeko lege eskakizunen aurka egin baitu bi aldiz. Epaitegiaren jarrera hori ez dator bat txostenak duen ikuspegiarekin, bertan, «berehala egikaritzeko» gomendioen artean, «Nafarroako Foru Erkidegoaren administrazio publikoan euskara erabiltzeko» proposatzen baita. Ertzaintzan eta Osakidetzan euskararen erabilera indartzeko neurriak ere «berehala» hartzeko eskatzen du Batzordeak. Txostenak, egungo egoera aztertzen du, eta 16 eta 24 urte arteko gazteen artean euskararen ezagutza %71koa dela nabarmentzen du, 2006ko %62 eta 1991ko %25arekin alderatuz. Horrexegatik, aipatutako zerbitzu publikoetan ahalegin handiagoa egiteko eskatzen du. Bestetik, Botere Judizialaren Lege Organikoaren berehalako aldaketa eskatzen du, epaitegietan hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea berma dadin, eta, oro har, Estatuko administrazioan eta erkidegoetan hizkuntza hauen erabilera bultzatu beharko litzatekeela uste du. Katalanari dagokionez, Europako Batzordeak hizkuntza honekiko Estatuak darabilen politika kritikatzen du, eta, zehazki, Wert Legea delakoa deitoratzen du. Salatzen duenez, Estatuko agintariek «esparru askotan gaztelania inposatzen jarraitzen dute», eta horren adibide gisa, errepideen seinaleztapena, unibertsitate diplomak, kirol arloa eta publizitatea aipatzen ditu. Gainera, hizkuntza hauek bultzatzeko hartutako neurri juridikoak, auzitegi espainolek modu «sistematikoan» inpugnatzen dituztela deitoratzen du.