GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Europako izar berri bat, bai to!


Estatuak desagertzear Europa batu baten eraikuntzan. Boterea berrantolatuta, nagusitasuna estatuen azpiko erakundeetan (erregioak, autonomiak…) eta Europar Batasun osorako instituzioetan kokatuz. Erakundetze agenda horretan, estatuak (Frantziako Errepublika eta Espainiaren Erresuma, zehazki) husteko bidean, beste eskalen onerako. Hor aurkitu behar zuen bere bidea Euskal Herriak, burujabetzaren “kontu zaharkituak” alde batera utzita.

Horixe izan da hamarkadetan zehar EAJren iparrorratza. Ez da pertzepzio hutsa: jeltzaleengandik azterketa eta aurreikuspenon berri izan nuen neuk luze eta zabal, esaterako, 1992. urtean haiekin izan genituen elkarrizketetan. Hor dago hemeroteka, planteamendu horiek berreskuratu nahi dituen ororen zain, eta, edonola ere, ez da ikuspegi horretatik asko urrundu Urkulluren alderdia, ez baitu besterik, ziurrenik.

Brexitaren zerumugak eta Britainia Handiko azken hauteskundeetako emaitzek, EAJkoen prospektibarekin, berri txarrak dakartzate, bistan denez. Ez dira, gainera, salbuespenak: ez dute batere asmatu. Botere berrantolaketa gertatu, gertatu da, baina eragile ekonomiko ez-demokratikoen onerako, eta haien menpe jarri ez diren instituzioen kalterako. Neoliberalizazioa ez da Euskal Herria bezalako herrien instituzionalizaziorako aukera historikoa, izugarrizko erasoa baizik. Euskal izarraren arrastorik ez egungo Europan, beraz.

Zoru etikoaz eta antzekoez mintzatzen direnean, hau guzia ezkutatu nahian dabiltza jeltzaleak. Errelatoaren lehia deitzen duten hori gatazkan jardundako eragileen ibilbidearen kontakizuna egiteko saioa da, eta jeltzaleek argi dute zer ezkutatu. Esaterako, esan zigutenaren kontra, ez gabiltza kandelak eskuetan eta, zorionez, ez dago zentral nuklearrik Euskal Herrian. Iraganaz eztabaida dezagun beldurrik gabe, nork bere ardurak bereganatuz, on eta txarrerako. Baina iruzurrik gabe, politika erdigunean jarriz, moralismo hipokritak gaindituz.