Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Zer da harrigarria?

Harrigarria da batzuen harritzeko gaitasuna. Edo antzezpen hutsa da guztia? Izan ere, are harrigarriagoak diren beste gauza batzuk normaltzat hartzen dituztenean...

Azken adibideetako bat. Joan den astean abiatu zen, Hagako Nazioarteko Auzitegian, Genozidio-krimena aurreikusteko eta zigortzeko hitzarmenaren arabera Myanmarren aurkako epaiketa, hango armadak eta paramilitarrek 2016an Rakhine estatuan rohingya musulmanen aurka egindako hilketa, bortxaketa eta suntsiketa masiboen kontura.

Lehen bi egunetan, akusazioak eta defentsak beren jarrerak azaldu zituzten. Espero zen eta iragarrita zegoen bezala, Aung San Suu Kyi, 1991ko Bakearen Nobel saridunak, urte askoan atxilotua egon zenak eta une honetan estatu-kontseilaria denak hitz egin zuen Myanmarren defentsan. Aspalditik nonahi esan duena esateko: akusazioak faltsuak direla, eta halakorik ez zela gertatu; gehienera, matxino armatuekiko gatazkak izan zirela.

Ikustekoa da, ordea, horrek batzuengan piztu duen haserrea. Epaiketa egin gabe ere nonbait oso argi daukate zer gertatu zen Rakhinen, eta trumoiak eta tximistak jaulki dituzte esker txarreko eta bihotz gaiztoko emakumearen aurka. Nobel saridunen zerrendari lehendik ez zuen orbanen bat erantsi balio bezala. Argi dago «kangaroo trial» ereduko epaiketa bat espero/nahi dutela batzuek.

Begirale tolesgabe samarrari, ordea, akusazioak zabalarazten dizkio begiak. Salatzailea ez baita, ez, Bangladesh, Myanmarren mugakide ez ezik auzitan den genozidiotik ihes egindako rohingya guztien hartzaile dena eta, beraz, haren jakitun hoberena izan behar lukeena. Eta biktimak bezala, herrialde musulmana dena. Ezta ere mugakideetako edo Asiako herrialde musulmanetako beste edozein. Baizik... Gambia. Afrikako herrialderik mendebaldarrena. Eta ia txikiena.

Myanmarren mugakideek edo hurbilekoek ez duten zer ote du Gambiak? Auzitegian, akusazioa gambiar batek ez baizik britainiar peto batek egiten duela ikusteak argitzen du zertxobait misterioa.

Izan ere, potentzia kolonizatzaile ohia partekatzen dute Myanmarrek eta Gambiak.