DEC. 23 2019 ZIRIKAZAN Iraultza, aurten ere ez Josebe EGIA Agian, gaur, artikulu hau irakurri ohi duten batzuek ez dute hala egingo, biharko afarirako prestaketetan buru-belarri egongo direlako, edo azken orduko oparien bila, estutasuna kopetan itsatsirik. Gabonak dira, eta hala tokatzen da: familia + kontsumismoa, kontsumismo itzela otorduetan, oparietan edota eskudirutan, zorion hitz eta keinuetan, kontsumismo barkaezina milaka familiaren egoera, hain zuzen, batere aintzat hartu gabe hirietako udalek apaingarrietan egiten duten gastu surrealistan (zinez diot: ordaindu ezinean dabiltzalako berogailua jartzeko ikaraz bizi diren horietakoa banintz, kaleak «argien berotasunaz goxatzen» dituztenak, milaka xede gizatiarragoak lituzkeen dirutza gastatuta goxatu ere, paretara eramango nituzke). Eguberriak, berez, erlijio-kontu bat direla ere inor gutxiri axola zaio, inork gutxi planteatzen dio bere buruari heldu dela urtea iraultza egin eta familiakoei azaltzeko abenduko egun hauek otsaileko beste edozein bezala, adibidez, igaroko dituela, Jesusen jaiotza bost axola zaiolako, munduan agnostikoenak edo ateoenak edo jainkoen gorrotatzailerik handienak izanik senitartean gaiari buelta bat eman ez izana ulertzen ez duelako, bere burua horren hipokrita ikustea jasangaitza egiten zaiolako... Nola eman halako disgustua arbasoei, halako egun seinalatuetan! Nola esplikatu oparirik gabeko esku hutsak ondorengoei! Eguberriak, zer inporta dio zergatik ospatzen diren benetan, benetakoa zer den eta mundu zabalean benetan zer jazotzen ari den –are guri geuri ere gainerako hiletan– nahiko gutxi inporta duela ematen duen garai honetan, familiaren ospakizun gorena dira. Instituzioarena, baina, odolezko loturek ezarritako arbaso-ondorengo binomioarena, alegia; binomio zoriontsuarena, gainera. Utikan familia desegituratuak, pobreak, bananduak, sarraskituak, gaixoak, goibelak, itsusiak… Beste ezeren gainetik, zoriona islatu beharra dago egun hauetan: zoriona kale ederki apainduetan, zoriona «jendea xede» duten sasoiko marketin-kanpaina guztietan, zoriona Olentzero edo Errege Magoak jaun eta jabe diren txikipark orotan, zoriona biharko afari osteko goragalea baino bortitzagoa eragiteraino. Zenbat jende heldu ezagutze duzue, ordea, «Gabonak biziki gozatzen ditut» bihotzetik dioena? Honegatik edo hargatik, gainezka egiten ez diotenak? Pare bat hilabete lehenago, urtero, «aurten dut iraultzaren urtea» gogoan ez darabilena? Bada, horixe. Zoriona barik, neurriz kanpo baloratua dago eta, nik ahal duzuena egitea opa dizuet, bihotzetik.