GARA
BILBO

Angel Lopez Anta euskal presoa Huelvatik Algecirasera urrundu dute

Harridura eragin zuen Estatu espainoleko Espetxe Zuzendaritzak harturiko erabakiak, jada oso urruti zuten Angel Lopez Anta presoa are urrutiago eraman dutelako: Huelvatik Algecirasera. Urruntzearen berri eman zuen atzo Etxeratek. Eta jarraian, balorazioa egin zuen Sarek, Gobernu espainolak «ulergaitzak egiten zaizkigun erabakiak hartzen jarraitzen duela» nabarmenduz.

Horrekin batera, informazio esanguratsua erantsi zuen Sare Herritarrak bere oharrean: «Urruntze politika honi hamar urteko zigor atxikia gehitzen zaio, gainera, hau da, auzi beragatik frantziar Estatuan betetako hamar urteko espetxealdia kontuan ez izatea. Hori dela eta, Angelek aurtengo urtarrilean dagokion zigorra beteta askatasuna berreskuratu behar bazuen ere, beste hamar urteko espetxealdia bete beharko du (Frantzian jada betea duena)».

Jakina da 2014. urtean trikimailu baten bitartez europar irizpide hori saihestu zuela Estatu espainolak, eta gero lehenengo helegiteak aztertzerakoan Estrasburgo Auzitegiak ontzat eman duela.

Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusietan zein udaletxeetan egoera hau salatzeko mozioak aurkeztuko dituela jakinarazi zuen Sarek. Eta bide batez, «egungo Madrilgo Gobernuari, bai eta datorrenari ere, eskubideen urraketari amaiera eman eta 2018ko ekainean Pedro Sanchez presidenteak esandakoa bete dezala eskatzen diogu, espetxe politika honen baitako sakoneko aldaketa emanez».