GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Geure ipuin harrigarriak


Duela hiru urte ekin zion Juan Kruz Igerabidek Euskal Herrietako herri ipuinak berridatzi eta gaur egungo irakurleei eskaintzeari. Elena Odriozolaren laguntzarekin hiru liburu atera dituzte orain arte; “Euskal herrietako ipuinak”; “Euskal herrietako ipuin gaiztoak”, eta orain komentatuko dugun “Euskal herrietako ipuin harrigarriak”. Liburu hauek tradizioa gaurkotzeko asmoari lotuak daude; gure iraganeko, antzinako istorioak gaur egungo haurrei era erakargarri eta sinple batean aurkezteko asmoari lotuak.

Oraingo bilduma honetan ipuin harrigarriak eskaini dizkigute. “Deabru, katu, hartz eta tresna magikoak” ageri zaigu izenburupean, eta hain zuzen bilduma osatzen duten bost ipuinak horrelakoak dira. Lehen ipuinak “Zaku bete hauts” du izena eta hautsa biltzen zuten bi anai-arreben istorioa da; ehiztari batek emandako eskopeta eta txakur handia baliatuz nola egiten dieten aurre deabruei eta garaile atera borroka horretan. Ipuinaren hasiera “Dar-dar-dar” ipuinaren bertsioa dugu, baina oraingoan ez da deabru bakarra baizik hiru anai-arrebek garaitu beharrekoak. Bigarren ipuina “Errotariaren katua” hain ezaguna den “Katu botaduna”-ren euskal bertsioa dugu, “Hartz-kume”, aldiz, indar handia zuen emakume baten eta hartz baten umearen istorioa;… horrela bilduma osatzen duten bost istorio labur, entretenigarri eta erakargarriak. Istorioek, erraz irakurtzeaz gain (eta horretan Igerabideren moldaketak badu bere garrantzia), ahozko literaturaren ezaugarriak dituzte, gertakarien bidezko deskribapenak, elkarrizketaren garrantzia informazioa ematean, gertakarien edo pertsonaien errepikapena… eta horrek guztiak testuak ezin aproposagoak bilakatzen ditu ozenki irakurtzeko entzuten dagoen haurrari (edo haur taldeari) nahiz banaka irakurtzeko.

Elena Odriozolaren ilustrazioek, bestalde, pisu handia izan dute bilduman. Eta aurrekoetan euskal antzinako ilustrazioen airea bazuten, zabalduz lau orri osatzen zuten ilustrazio koloredunetan, oraingoan ipuin bakoitzaren hasieran bi orriak bete eta hondo grisean beltzez eginiko ilustrazioak ditugu, istorioaren argumentua bi orritan eta zuri/gris-beltzean azalduta. Oso adierazgarriak dira eta era originalean animatzen gaituzte ipuina irakurtzera.

Liburuaren hasieran Igerabidek egindako hitzaurre laburra dugu. Bertan adierazten zaigu non duten jatorria istorio hauek, eta horrekin batera egilearen aitorpena: «Hemen bildu ditudan aldaerak pixkanaka osatu dira, ingurukoei kontatu ahala; helburutzat ez dute iturriekiko fideltasuna. Gainera, iturri horiek denboran zehar aldatuz etorri dira noski». Eta ondoren azaltzen dizkigu bost istorioen nondik norakoak, baita hemen bereziki markatzea merezi duen kontu bat ere: «Protagonistaren generoa ez da garrantzitsuena; horregatik saiatu naiz txandakatzen, ipuinen sinbolismo sakona aldatu gabe egin ahal izan dudanean». Eta horixe da, hain zuzen, “Zaku bete hauts” istorioan, esaterako, egin duena idazleak deabruak atean deitu eta mutikoari behatza xurgatzeko eskatzen dionean, eta arrebak txakurra eta eskopetarekin deabruari aurre egiten dionean (tradiziotik etorritako bertsioari genero aldetik buelta emanez). Eta aldaketa horiek, Igerabidek berak aitortu bezala, sinbolismoa aldatu gabe egin izan dira, istorioaren sinesgarritasuna mantenduz, eta, era berean ipuin tradizional hauek zuten mezua –generoaren aldetik– aldatuz.

Euskal Herrietako Ipuinak bildumako hiru liburuak dira gomendagarriak; ez hori bakarrik, liburu hauek beharrezkoak dira gure izaera, jatorria ezagutu eta defenda ditzagun.