JAN. 12 2020 NEKAZARITZA NEGOZIO BEZALA AGROINDUSTRIAREN MESEDETAN Nekazaritza Politika Bateratua (NBP) eta honek ustiategi txikietan duen eragina ikertu du Zoe Brent-ek, Bizilur eta Etxalderen laguntzarekin. Hobeto ulertzeko, euskal nekazarien egoeraren argazkia ere osatu du. Eraldaketa fasean dago NPB eta hori hartu du ardatz. Ane URKIRI ANSOLA Bilbo Gure biztanleria aktiboaren %1ek soilik badihardu nekazaritzan, nola sustatuko dugu belaunaldi berrientzat emankorra eta erakargarria izango den nekazaritza sektorea? Galdera honekin aurkezten du Zoe Brent kaliforniarrak Bizilur eta Etxalde elkarteen laguntzaz osatu duen ikerketa. Itaun mardula da, belaunaldi berriak nekazaritzan txertatzea erronka mardula den moduan, hala nola Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreforma «historikoaren» benetako eraginkortasunean sinistea. Eraldaketarako aukera ona izan daitekeelakoan dago Andoni Garcia Arriola –Bizkaiko EHNE, COAG eta Via Campesinako kidea da eta Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialeko partaidea Europako Parlamentuan–, baina oso begirada zuhurrarekin aztertzen dute, Europaren ildo oro merkatu librera bideratuta baitago, «eta merkatu globalera begiratuz gero, ezinbestean eredu industrialen aldeko jarrera defendatzen dute». Belaunaldi txandaketari buruzko Euskal Herriko argazkia eskaintzea funtsezko iruditu zitzaion ikerketaren egileari NPBaren eragina ulertarazteko –Lakuako edo Nafarroako gobernuak ez baitira ari argazki hau osatzeko lanean, nahiz eta beharrezkoa izango den etorkizuneko helburuak finkatzeko–. NPBa beharrezko bihurtu baita nekazaritzan egunerokotik bizirauteko baina, dena den, funtzionatzeko moduan aldaketak egon behar direla uste dute ekoizle txikienek. Hori da hori paradoxa. Estatu espainoleko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako Ministerioak azaleratutako datuen arabera, nekazari baten errenta biztanleriaren batez besteko errentaren %70 da. Nekazaritzako Politika Bateratuetatik jasotzen diren dirulaguntzak alde batera utzita, ehuneko hori %35eraino jaisten da. Estatu bakoitzeko biztanleen batez besteko errentaren pareko diru sarrerak edukitzea du asmo NPBaren bederatzi helburuetako batek. Horretarako, ordea, egoeraren erradiografia egin behar da, «eta Lakua eta Nafarroako Gobernua ez dira egiten ari, eta badute eskumena», ziurtatu dio GARAri Garcia Arriolak Bruselatik. Hori eduki ezean, ezinezkoa izango da helburu hori zehaztea. «Jakin egin behar da non gauden, datozen zazpi urteetarako helburuak zehazteko», NPB eraldatuak iraungo duen epean, hain zuzen ere. 2022an martxan jartzea aurreikusten dute, 2021a trantsizio urtea izanik; dena den, oraindik guztia negoziatzen ari direla jakinarazi du Bizkaiko EHNEko kideak, eta horrela jarraituko du aurten. «Egoera zaila» Zoe Brenten ikerketaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %12 bizi da landa eremuetan eta EAEko kasuan, titularren %8,5ek dute 35 urte baino gutxiago. Familiarteko ekoizpenek behera egin dute eta gehiago dira hiriguneetatik landaguneetara igaro direnak. Gora egin du halaber ikastaroren bat egin dutenen kopuruak; eta etxekoen eskutik edo esperientzia propioen bidez ikasi dutenak, ordea, gutxitu egin dira. Generoagatiko bereizketak eginez gero, emakume titularren pisuak gora egin du 1989. urtetik (2016ko datuen erreferentzia hartuta). %19 ustiategien titular izatetik %38ra egin du jauzi; orotara, nekazarien kopuruak behera egin duen heinean. Gizonezkoen kasuan, beherakada nabaria izan da, bigarren orrialdeko grafikoan ikus daitekeen moduan –20.000 baino gehiago ziren duela 30 urte eta egun, 10.000 baino gutxiago dira ustiategien jabe diren gizonezkoak–. «Egoera zaila da», ohartarazi du Garcia Arriolak, guztia laburtu nahian. «Ez dugu engainatu nahi, Bizkaiko EHNEtik kritikoak gara. Helburu horien artean ez da jasotzen merkatuaren erregulazioa, prezioak, Europar Batasuneko legeak errespetatzen ez dituzten elikagaien inportazioak, baserritarrak beraien lurretatik kanporatzen ari diren inbertsio funtsak...». Oraindik Europar Batasuneko aurrekontuak onartu gabe daude eta beraz, zaila dirudi hurrengo NPBra bideratuko den zenbatekoa kalkulatzea, «tartean Brexita ere badago eta horrek eragina izango du laguntza horien murrizketan». %4 eta %5 arteko jaitsiera susmatzen dute eta honen eragina baserritarrek zuzenean nabarituko dutela adierazi du Garcia Arriolak. Bi diru iturri daude; bata zuzenekoa –nekazari bakoitzak eskatu behar du– eta bestea estatuen araberako landa garapeneko planera bideratua; bigarren hau lehenengoa baino askoz murritzagoa izan ohi da eta tokian tokiko helburuei erantzuten die: belaunaldien txandakatzea, agroekologiaren aldeko apustua, merkaturatzeko laguntzak, eta abar. NPBaren oztopoak Erreferentzia gisa hartu dugun ikerketaren bigarren zatiak dio NPBa izan dela datozen belaunaldiak landa eremuan txertatzeko «oztoporik handiena, Europar Batasunerako marko orokor gisa sustatu duen ekoizpen ereduak porrot egin duelako». Sei ikuspuntu eskaintzen ditu: ekoizpena, ekologia, jendartea, ekonomia, lana, kultura eta osasuna. NPBaren hastapenetan ekoizpenaren araberakoak ziren laguntzak –orain hektareen araberakoa da– eta beraz, gainprodukzioaren sustapeneko aktore nagusia izan da. «88 milioi tona elikagai alferrik galtzen dira urtero eta Estatu espainolean, urtero pertsonako 135 kilo elikagai soberan daude». Agrotoxikoak eta antibiotikoak neurriz gaindi erabiltzea ahalbidetu du eta labore bakarrean oinarritutako nekazaritza sistema bultzatu du, biodibertsitatearen kaltetan. Jendarteari dagokionez, landa eremuen despopulazioa ekarri du NPBk eta kontsumitzaileekiko distantzia areagotu du. Nekazari izatea lan behin-behineko eta ezegonkorra edukitzearen adibide da. Gauza folklorikoa bilatu dela ere ohartarazten du ikerketak, baita produktu agrotoxikoen erabilerak osasunean duen eraginaz ere. Klima aldaketa eta ingurumena Era berean, nabarmendu egin behar da NPBak Europar Batasuneko aurrekontuetan izan duen pisua. 1979an aurrekontuen %72 bideratzen ziren politika honetara, beharrezko ikusten baitzen nekazaritza babestuko zukeen plan bat. Zer motatako nekazaritza babestu duen ikusteak eta aurrekontu honen murrizteak ederki islatzen du egungo egoera: 2018an aurrekontuen %37,6 jaso zuen NPBak –Estatu espainola da diru gehien jasotzen duen bigarrena, Estatu frantsesaren atzetik– eta bien bitartean, prezioak jaitsi zituen. Emaitza: ekoizpenetik ateratako diru sarrerak jaitsi eta laguntza ere bai. «Nekazaritza negozio gisa ikusten baldin bada, klima aldaketaren aurkako edo nekazari txiki eta agroekologikoen aldeko neurriak hartzetik oso urrun egongo da», ondorioztatu du nekazari sindikatuko kideak. Bederatzi helburu berrien artean aurkitzen baitira klima aldaketaren aurkako ekintzak gauzatzea eta ingurumena zaintzea. «Bi gauza horiek lortzeko funtsezkoa da agroekologiaren defentsa», adierazi du Garcia Arriolak eta ikerketak ere ideia berbera jasotzen du. NPBak, ordea, ez du planteatzen espresuki ekoizpen ereduaren aldaketarik, «agroindustria handiek ezarritako interesak erakargarriagoak direlako gizartearen beharrizanak baino». Europar Batasunak politika neoliberala bultzatzen duela eta beti egingo duela globalizazioaren alde jakinarazi du Garcia Arriolak; horiek horrela, beti aurkitzen garela agintarien kontraesanetan murgilduta, elite ekonomikoen alde egingo dutelako beti: «EBk elikagaien inportazio eta esportazioaren aldeko politika indartzen du. Zer zentzu du Europako haragia esportatzea eta Ipar edo Hego Amerikatik haragia inportatzeak? Zer zentzu du ikuspegi ekonomikotik edo klima aldaketari dagokionez?» Laguntzen banaketa «bidegabea» Egungo laguntza zuzenen banaketa lur azaleraren araberakoa da eta atal honek datu esanguratsu batzuk eskaintzen dizkigu NPBari zuhurtziaz begiratzen jarraitzeko. Esan bezala, Estatu espainola da dirulaguntza gehien jasotzen duen bigarren estatua. 2017an bost mila milioi euro jaso zituen zuzeneko laguntzetan. Laguntza horien banaketa «erabat desorekatua edo ezberdina» izan dela jasotzen du txostenak. Eta jarraian datoz datuak. Onuradunik txikienen %71,3k funtsen %14,9 partekatzen dute; hau da, urtean 5.000 euro baino gutxiago. Onuradun handienen %1,8k, aldiz, %26,1 partekatzen dute; urtean 50.000 euro baino gehiagoko zenbatekoak izanik. Handiek, gehiago ekoizteko ahalmena dutenek, lur gehiago dutenek, diru gehiago jasotzen dute. Agroindustriarentzako pizgarri dira, beraz, NPBk bideratutako laguntzak. Bizkaiko EHNEk proposatzen du, laguntzen banaketa bideragarriago izate aldera, gehienez 60.000 euroko langa jartzea. Hektarea kopuruaren araberako banaketa izanik, nekazaritza jarduera profesionaltzat ez daukaten onuradun batzuen eskuetara ere iristen da funts hau. Txostenak EAEko datuak eskaintzen ditu: 2013an dirulaguntzen %66 joan ziren profesionalki nekazaritzatik bizi ez diren pertsonengana. «Urte horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, dirulaguntzen hartzaileak 11.161 pertsona ziren, baina 3.400 baserritar baino ez dira egun osoko jardun profesional gisa nekazaritza dutenak. Nafarroan, 6.500 profesional ziren guztira eta dirulaguntzak 15.446 onuradunek jaso zituzten», zehazten du ikerketa txostenak. Baina badago adibide kezkagarriagorik ere. Honakoa Estatu espainolari dagokio: 200 familia dirudunenen artetik, gutxienez 60 familiak 1,1 milioi euro jaso dituzte [2008. urtea geroztik]; dirulaguntza horiek eskatu zituzten Estatu espainoleko 900.000 nekazarietako bakoitzak, aldiz, 44.000 euro. «Laguntza horiek jasotzen duten %40 inguru erretiratuak dira, eta funtsaren %24 suposatzen du». Datu hau Andoni Garcia Arriolak jakinarazi dio GARAri eta segidan onartu du, justifikatu nahian, erretiratuen bizi baldintzak ere zailak direla, jasotzen duten errenta prekarioarengatik eta horregatik ez dituztela lurrak belaunaldi berrientzako uzten –alokairuan edo salduta–. Baserritarren pentsioak ere kontuan hartzeko aldagaia dira NPBaren gai honetan. Teknologiari lehentasuna Erreportajearen hasieran aipatu legez, NPBa funtsezko bihurtu da baserritarren biziraupenean, baina dirulaguntzetatik bizi beharrean saltzen dutenetik bizi nahi dutela argi dute ustiategi txikia dutenek. «Ekoizpen eredu zehatz baten aldeko apustu argirik ezean eta, sektorea zorpetzea bultzatu duten politika andanaren ondoren, belaunaldi berrientzako gakoetako bat da dirulaguntzak neurriz erabiltzea», dio ikerketak. Izan ere, gogora ekartzen du Bizkaiko Aldundiko bozeramaile Elena Unzuetak eginiko adierazpenak, zeinetan defendatu zuen landa garapenerako funts europarrak (Feader) zehazten dituen lehentasunak: esleituriko 3,5 milioi euroetatik %81 modernizaziora bideratzen dira; eta 875.000 mila euro belaunaldien txandakatzera. Kontuan hartu behar da landa eremura jauzi egiten dutenek nekez lortzen dutela bertan geratzea. «Aurrekontuak nekazaritza industrialaren alde egiten du nabarmen». 5.000milioi >Estatu espainola da Nekazaritza Politika Bateratuen zuzeneko dirulaguntza gehien jasotzen duen bigarren estatua, Estatu frantsesaren atzetik. 2017an bost mila milioi euro baino gehiago jaso zituen. MENDEKOTASUNANPBak bideratzen dituen laguntzen mendekotasunetik aldentzeko, agroekologiaren garapena, salmenta zuzenak eta merkatu tradizionalak jo ditu gakotzat Bizkaiko EHNEko kide Andoni Garcia Arriolak.