GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Aihozkadaka


Inbestidura-saioak argi utzi du zer datorren: boxeo-ringetan hemizikloan baino gutxiagotan izaten den borroka odoltsu zikina; politikari gehiegik jardun politikoan aritzeko duen maila negargarria; negoziatzeko eta, hain zuzen, behingoz politika egiteko inolako asmorik eza; eta matxismoz, arrazismoz, xenofobiaz eta klasismoz elikaturiko oposizioaren bonbardaketa etengabea. Hura osatzen dutenei ileak zeharo laztuko zitzaizkien Oskar Matutek Angela Davis aipatu zuenean, haiek gorroto eta desagerrarazi nahi duten guztiaren pertsona-eredu ezin hobea bera: emakumea, beltza, atzerritarra, sexismo, klasismo eta supremazia zuri ororen kontrako borrokalari sutsua, isilik geratzeko inolako nahi eta asmorik ez duten horietakoa. Ederki laztuko zitzaizkien, bai, Angela Davis nor den baldin badakite, baina lepoa egingo nuke ezetz… horretarako, zure zilborraz haragokoa ere interesatu behar zaizu eta. Horra batzuk eta besteok antipodetan gaudela ulertzeko adibide bikaina, edo, zuzenean, haluzinatzeko, ikusiz nola denbora gutxian jendartean dagoeneko gutxi gorabehera denok onartu eta barneraturik, “itxirik” nolabait esatearren, genituen gai asko eta asko aihozkadaka irekitzen hasiko diren.

Zelako nagikeria, benetan. Hemiziklotik kanpo, horren guztiaren adibide gehiago, nonahi. Eliza katolikoari, esaterako –estatu laikoan “bere lekua” berreskura dezan sutsuki lagunduko dion alderdiak baduela pastel-zati polita ikusita-edo–, bururatu zaio ideia polita eta beharrezkoa dela berean ezkondu aurretik egin beharreko ikastaro horri –“Ezkongaientzako prestakuntza- eta laguntza-ibilbidea” delakoa (harrapa ezazue izena!)– buelta bat ematea. Horretarako, besteak beste, sexuarekin loturiko kontuak, masturbazioa barne, jakina, jorratu nahi ditu agian bikote-harremanak berak baino gehiago iraungo duen ditxosozko ikastaroan, egun zinez sinesgaitza den matxismo muturrekoaz blaiturik guztia. Ondo merezia dute betebehar surrealista hori irentsi behar izatea elizan ezkontzen direnek, beren arteko maitasun-lotura erakunde zapaltzaile, misogino, jazarle, hipokrita… horretan zigilatu nahi dutenek, beren ohiko bizimoduan fedearekin eta kristautasunarekin inolako harremanik izan ez eta eraikinaren solemnitatea besterik bilatzen ez dutenek, bereziki. Batere errukirik ez diet.

Bai, ordea, legealdi honetan Berdintasun ministro izango den Irene Monterori, lanak izango ditu-eta bere lana behar den moduan egiten utz diezaioten… hainbeste txorakeria artean.