JAN. 13 2020 HERRI KIROLAK Beti Gazte indartsu hasi da Azkoitian, goma gaineko lehen saioan GARA Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa Azkoitian abiatu zen larunbatean, otsaileko Irlandako Munduko Txapelketari begira. Gizonezkoen 680 kilotan zortzi talde aurkeztu ziren eta, jardunaldi bakarrera, Lesakako zortzikoteak aise irabazi zuen. Tiraldi guztiak irabazi zituen, nagusitasun handiz. Iparraldetik ere Zuraide bi talderekin plazaratu zen. A taldea, batez ere, oso indartsu agertu zen. Aurkarien ahuleziak ikusi eta aprobetxatzen ikasten badute, oso talde ona izango da eta bi taldeen artean bat egiten badute pisu astunetan ongi lehiatuko dira Munduko Txapelketan. Azkoitiko jardunaldia hasiera besterik ez da izan. Pisua ere ez da euskaldunen gogokoena; pisu arinagoetan lehiatzeko taldeak dira, hobeto moldatzen dira. Eta bitxikeria gisa aipatu behar da talde bat Asturiasetik etorrita sartu dela txapelketan. Sailkapena honela gelditu zen: txapelduna Beti Gazte 21 punturekin eta atzetik Zuraide A (15), Goiherri (15), Ibarra (13), Murueta (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta 6 Conceyos asturiarrak (0). Emakumezkoak ere gogotsu hasi dira. 540 kilotan bost talde lehiatuko dira. Azkoitiko saioa izan da aurrenekoa eta pisu berean beste bi jokatuko dira. Lesakako Beti Gazte denen gainetik hasi da. Txantrearen aurkako tiraldietan parra egin bazuten ere, gainerako guztiak irabazi eta 10 punturen jabe egin ziren. Bigarren Badaiotz sailkatu zen (9), hirugarren Txantrea (7), laugarren Gaztedi, (3) eta Ibarra, bosgarren, punturik gabe gelditu zen. Bestalde, atzo Mungiako Jose Antonio Agirre kiroldegian 640 kilotan zuten beste hitzordua eta kategoria honetan hiru jardunaldi izango dira. Zortzi talde aritu ziren denak denen aurka. Atzokoan ere tiraldi oso estuak ikusi ziren, bezperan Azkoitian izandakoaren antzera. Beti Gazte izan zen garaile 8 punturekin eta atzetik sailkatu ziren Ibarra (7), Zuraide A (6), Murueta (5), Txantrea (4), Zuraide B (3), Abadiño (2) eta Antsoain (1). Aizkora Beizaman Beizaman Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketako ekitaldia jokatu zen atzo, Illaunpe pilotalekua jendez ongi horniturik zela. Egin behar izan zuten lana bost eratakoa izan zen: erlojuaren aurka, zutik, abiadura proba, zutik eta etzanda batera eta azkenik iraupen proba. Irabazleak Iker Vicente eta Jesus Mari Mujika izan ziren. Irati Astondoa eta Itxaso Onsalo ere neurtu ziren elkarren aurka aizkoran. Astondoa nagusitu zen 7 minutu eta 8 segundoko denbora eginez.