Ergeletik gutxi
Ultraeskuindarra izateak ez du esan nahi pertsona berez ergela denik, noski –pentsamenduz ultraezkertiarra izateak ez dakarren bezala bihotzez berez ezin solidarioagoa edota ezin justiziazaleagoa izatea, esaterako–. Ultraeskuindarrek ondotxo dakite garai honetan batez ere beren kalte politikorako, eskuratu berri duten eremutxoaren hazkuntzaren arriskurako, litzatekeela gogoan darabilten hori publikoki hitzez hitz botatzea: «Gure amesgaiztorik handiena da gure herrialdeko jendartea benetan aldatzea; bertan, etorkizun ez oso urrunean, gizon eta emakume guztiak, guzti-guztiak, etiketa baztertzailerik gabe pertsonatzat eta ez beste ezertzat joak izatea; hots, batzuek eta besteek, den-denek, pareko estatusa izatea, zinez gogoak ematen diena erabaki eta egin ahal izateko babes politiko-sozial-ekonomiko finkatua barne; eta, ondorioz, mendeetan guk pribilegiatuok izandako boterea, immunitatea, nagusitasuna, agintea, aberastasuna… guztiaren gaineko monopolioa, zer eta nor diren onargarriak eta zer eta nor ez ezartzekoa, pikutara joatea, belaunaldiz belaunaldiko transmisiorik gabe, are geure hurrengo belaunaldiek eurek boikotaturik ere, berdintasunak, justiziak, askatasunak eta gizaki ororekiko errespetuak behialako muga guztiak, gu pribilegiatuok espezie gisa babesten gaituztenak, hain zuzen, betiko deseginik».
Ezin dutenez halakorik esan, oso heavya litzatekeelako publikoki aitortzea, baita beren adiskide politikoentzat eurentzat ere, arrazismoaren, xenofobiaren, sexismoaren, androzentrismoaren, esklabismoaren, homofobiaren, kazikismoaren… beharrean daudela zer eta izaten jarraitzeko, beren bestelakoen gainean eta haien bizkarretik eraiki izan duten tontortxo pribilegiatuak bizirik irauteko, beren ondorengoen eta haien ondorengoen eta hauenen bidez in saecula saeculorum, eta bost axola jendartearen gainerakoa aspalditxotik beste norabide batetik elkar hartuta egiten ari den, hain zuzen ondorengo horien “babesa” –genero-ideologiatik, doktrinamendutik…–, beren seme-alabak, baliatzen ari dira barruan egosten zaien hori guztia makillatu eta, horrela, ederki bizitzen jarraitzen lagunduko dieten jarraitzaile gehiago, latenteak egon badaudelakoan, irabazteko.
Ederki bizitzen diogunean ederki ekonomikoki esan nahi dugu, jakina, ultraeskuindarrak ez dira-eta ergelak, eta jakin badakite berdintasunak, justiziak, askatasunak eta errespetuak aberastasunaren birbanaketa dakarrela berarekin, ezinbestean.