GARA
IRUÑEA

Pirinio Atlantikoekin izandako lankidetza goratu du Chivitek

Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua hurrengo urteetarako mugaz gaindiko lankidetzarako esparru akordioaren berritzea prestatzen ari dira. Orain amaituko da 2011ko martxoan bi administrazioek izenpetu zutena. Hori helburu, Maria Chivite Nafarroako lehendakaria departamendu horretako presidente Jean-Jacques Lasserrerekin bildu zen atzo Pauen.

Bileraren ondoren bi arduradunek emandako prentsaurrekoan, Chivitek nabarmendu zuen «emankorra» izan dela bi aldeen arteko lankidetza, «lurralde arteko ikuspegiarekin eta europar konpromiso argiarekin». Bestalde, Lasserre presidenteak adierazi zuen Pirinio Atlantikoen Departamenduak Nafarroarekin lankidetza garatzen jarraitu nahi duela eta harreman horren oinarriak 160 kilometroko muga partekatua, bi eskualdeen arteko historia komuna eta erakundeek lotura horiek indartzen jarraitzeko duten borondatea direla.

Bi administrazioetako arduradunek orain arte egindako lana azpimarratu zuen Chivite lehendakariak, «mugaz gaindiko lankidetzaren garrantzia ulertzen jakin baitute». Horrela, honako proiektuak jorratu dituzte: babes zibilaren koordinazioa, “Alert”; mugikortasun iraunkorra, “Ederbidea”, eta haurren obesitatearen aurkako borroka, “Aneto”. Halaber, nabarmendu zuen landutako gainerako proiektuak lurralde-garapenean, turismoan, kulturan eta berdintasunean oinarritu direla.

Etorkizuneko hitzarmenari begira, Nafarroako lehendakariak esan zuen bi administrazioen helburua jada abian diren eta ondo garatu diren proiektuetan sakontzea dela; halere, «elkarlanean aritzeko gai berriak ere bilatu nahi ditugu; esate baterako, segurtasuna, garraioa, hezkuntza, energia, osasuna, prestakuntza eta enplegua».

Europako ikuspegiari dagokionez, Chivitek honakoa nabarmendu zuen: «Europa soziala eta baliagarria eraikitzeko modurik onena eskualdeen artean lankidetza-ereduak ezartzea da. Europak aukerarako eta lanerako gune izan behar du, politika publiko baliagarrien gune, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, aurrean agertzen zaizkigun erronkei egonkortasunaren bermeekin aurre egingo dien gizarte indartsua eraikitze aldera».

Pauera joandako ordezkaritzan, Maria Chivite lehendakariaz eta Ana Ollo kontseilariaz gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutari eta Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Mikel Irujo ere baziren.