Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Paul Bonhommekmugak gainditu ditu Punta Petriko jaitsieran

Alpinista frantziarrak Grand Paradisoko mendilerroan «Linea senza frontiere» eskiekin jaitsi du: 700 metro eta, gehienez, 60 graduko aldatsak.

Paul Bonhommek 25 urte daramatza mendiak igotzen eta eskiekin muturreko jaitsierak egiten. Azken alor horri dagokionez, “painte raides” edo aldats tenteetan goi mailako espezialista dugu. Eta duela aste batzuk egin zuen jarduerak kolektibo osoa ahoa bete hortz utzi zuen. Askok eta askok diote zorabiatzeko modukoa dela. Ia-ia sinestezina.

Kontua da bizi den ingurumarian, Aravisen, bere kirola praktikatzeko baldintza egokiak ez zituela aurkitu. Egoera hori ikusirik, Grand Paradisoko mendilerrora bidaiatu zuen. Hango mendiak, bederen, muturreko jaitsiera bat egiteko “zain” zituen. Eta Punta Ratin marra erakargarri bat aztertu ondoren, hura jaisteko aukera ez zuen galdu.

Lehen jaitsiera bat izan zen, eta hari “Linea senza frontiere” deitu dio. Hots, mugarik gabeko marra. 700 metro luze da, eta erabiltzen den eskalan 5.4 maila proposatu du. Hori gutxi ez, eta Bonhommeren hitzetan oso-oso arriskutsua (E4) da. Horrek esan nahi du erabat “debekatuta” dagoela erorikorik izatea. Uste dugu konprenitzen dela. Argi eta garbi dago muturreko jaitsiera baten aurrean gaudela. Zalantzarik gabe, bai; gehienez 60 graduko sekzio bat jaitsi zuen.

Arlo honetan espezialista direnek beste honako hau gehitu dute: «Datu objektiboak horiek dira. Baina kontuan hartu behar da ere jaitsiera osoa eskiak kendu gabe egin zituela. Eta, jakina, ez zuen rappelik egin».

Labirintoa

Jaitsi berri duen “Linea senza frontiere”-ri buruz, protagonista frantziarrak aurreratu du jarduera osoari garrantzia ematen diola: «Muturreko jaitsiera bat egin dut, eta pozarren nago lehen jaitsiera horrekin. Baina kontuan hartu behar da egun luzea eta oso gogorra izan zela: ia 30 kilometro eta 2.000 metroko goranzko desnibela. Igoera ere ez zen batere erraza izan: D+ mailakoa».

Ingurumari horretako argazki bat ikusi zuenean, Bonhommek argi izan zuen mendi horretara joan behar zuela. Isuri ezberdinak ondo aztertu zituen: «Elurra izoztuta edo oso gogorra zegoenez, ipar isuriak alde batera utzi nituen. Punta Petriko hego-ekialdeko isurian, berriz, elurra oso egonkor zegoen. Elur-hautsa ere bai. Egoera horrek igoera baldintzatu zuen, kranpoiek arroka ukitzen baitzuten. Jaitsierarako zalantzaren bat edo beste izan nuen; batez ere, ia amaieran dagoen itxitura batean».

Muturreko eskiatzaile honek onartu du, muturreko labirintoa zenez, mendiaren argazkia behin baino gehiagotara begiratu behar izan zuela: «Igoera guztia egin eta gero, hainbat sekzio argi nituen; beste batzuk, aldiz ez. Zaila izan zen ibilbide egokiena aukeratzea. Baina jaitsiera horretan erabat kontzentratuta nengoen, eta handik modu batera edo bestera atera behar nintzen. Zorte handia izan nuen; izan ere, jaitsiera osoa eskiak kendu gabe egin nuen. Rappelak ere saihestu nituen».

Bonhommek hedabideoi baieztatu digu “Linea senza frontiere”-k atseden hartzeko betarik ez duela ematen. Aldats oso-oso pikoak dira. Eta ez sekzio bat, baizik eta ia jaitsiera osoa. Nahiz eta bere buruarekin ez den harritzen, eskiatzaile honek adierazi du 60°-ko tarte bat jaisteak mugan utzi zuela: «Lehendabiziko korridorea (250 m, 50°) badirudi itxi egiten dela, baina pasabidea badu. Ondoren, 50-100 metro oso tenteak: 55° eta 60°-ko sekzio bat. Eta hortik aurrera 50, 100 eta 200 metroko beste tarte batzuk daude. Guztiak ala guztiak 40° eta 50° artean. Urteko nire lehen muturreko jaitsiera izan da. Eta onartu behar dut lehena izateko motibazioa indartu didala».