GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

U30


Agidanez gizarteak bizkarra eman dio grebari. Zorionez grebak porrot egin du, Ortuzarren hitzetan. Dena manipulazio handi bat da. «Gizarteak protesta egiten badu, entzun egin behar zaio», esan du, ordea, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, “Mobilizazioak eta matxinadak krisi politiko eta sozialean” goiburu zuen hitzaldian. Guaidoren Venezuelan zilegi dena, hemen ez da zilegi nonbait Jaungoikoa eta Lege Zaharraren alderdian.

Hemen oasi batean gaude, halako linbo sozioekonomiko batean eta, beraz, greba egiteak ez du zentzurik, lekuz kanpo dago.

Euskal sare ekonomikoari eta sozialari egindako ekarpenaz hausnarketa egin dezaten galdegin du Tapia andereak ere. Beraren alderdiak defendatzen duen eredu kapitalista eta biozidak eragiten dituen kalteak kontuan hartu gabe. Gutxieneko pentsioak eta soldatak igotzea, prekaritateari amaiera ematea, soldata arrakala amaitzea eta eskubide sozialak aitortzea ez dago haren agendan. Milaka pertsona heriotza sozialera kondenatzen dituen eguneroko errealitatea salatzeak ez du, haren ustez, erantzunik merezi.

Urkulluk, berriz, bere predikuarekin jarraitzen du basamortuan, edukirik gabeko eta gehiengo sindikalik gabeko elkarrizketa soziala ahoan hartuta. Eskuduntzarik ez duela esan du. Porrotez ari garela, 1979. urtetik autonomia estatutua osoki garatu gabe dago. Alderdi jeltzaleak hausnarketa sakona egin behar luke agian. Gure herriak duen gabeziarik handiena burujabetza falta da, beraz, egin dezagun hausnarketa. Burujabetzarik gabe herri hau kondenatua dagoelako.

Ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dela dio esaera zaharrak. Eragile sozial ezberdinek antolatutako greba orokorrak mugarri bat ezarriko duela argi da. Masiboa eta anitza izan delako. Justizia sozialaren aldarriak aldarri izatetik gorpuztera egin duelako.

Eredu neoliberal hau dogma bat da EAJrentzat, baina langile eta herritar askorentzat atzerakada sozial erabatekoa da. Baina hautsi da isiltasuna.

Ozen hitz egin du kaleak.