FEB. 10 2020 JO PUNTUA Ñ ñimiño bat Arantxa Manterola Kazetaria Errepublikako hizkuntza ofizialaren nagusikeriak hamaika gorabehera sortu ditu, berriro ere, Estatu frantsesean. Oraingoan letra baten grafiaren inguruan. 2014an Kode Zibileko inskripzioetan zein letra eta zeinu erabili behar ziren arautu zuen Justizia Ministerioak. Hala, frantsesean existitzen ez denez, tileta daramaten izen-abizenak, «ñ» dutenak esaterako, baztertu egin ziren. 2017ko maiatzean, Quimperreko Erregistro Zibilak seme jaioberria “Fañch” izen bretoiarekin inskribatzea ukatu ondoren, guraso bikote batek auzibidera jo zuen. Lau hilabete geroago, lekuko hautetsi batzuen eraginez hasieran “Fanch” idatzia geratu zen izenari erregistroan tileta gehitu zioten arren, epaitegiak debekatu egin zien grafia hori erabiltzea. Aferak oihartzun handia izan du geroztik; hizkuntza eta kultura bretoiaren alde diharduten taldeek bikotea babestu eta «ñ» zeinuaren aldeko kanpaina indartsua burutu dute. Zenbait diputatuk Nicole Belloubet Justizia ministroa interpelatu zuten irtenbide egokia eman zezan. Azkenean, hiru urtean helegitez helegite ibili ostean, iazko urrian Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien gurasoei, prozedura-akatsak argudiatuta. Alta, funtsean sartu ez zenez, hilabete geroago beste bikote bati izen bera jartzea ukatu zioten eta polemika piztu zen berriz. Ikur diakritikoa behingoz onartua izan dadin Michel Canevet senatari bretoiak egindako proposamena onartu berri du Senatuak eta ildo beretik Paul Molac diputatuak egindakoa aste honetan aztertuko dute Asanblea Nazionalean. Bien bitartean, ditxosozko «ñ»-a onartuko duen dekretua agindu du Justizia ministroak otsailaren 4an. Euskal Herrian bada halako kasurik. Donibane Lohizuneko ama bat administrazioarekin liskarrean dabil 2017an jaiotako semeari Ibañez abizena jartzen uzten ez diotelako. Dekretu berriarekin onartuko diotela suposatzen da, Iñaki, Aña edo Beñat izendatzea nahi dutenei bezala. Frantsesaren gailentasuna «arriskuan» jar ez dadin «ñ» ñimiño batek halako kalapita sortzen badu, tokitan gaude hizkuntza gutxituak –gurea tartean– egiaz babestuko dituen lege bat izatetik! Hizkuntza eta kultura bretoiaren alde diharduten taldeek bikotea babestu eta «ñ» zeinuaren aldeko kanpaina indartsua burutu dute