Maddi TXINTXURRETA
Interview
HELENE ETA PAULO ALBERDI
SENIDEAK

«Mingarriena informazio falta da eta bilaketa serio egiten ari ez direla»

Helene eta Paulo Alberdi anai-arrebak iragan ostegunean Zaldibarko luizian harrapatuta geratu zen Alberto Sololuze langilearen ilobak dira. Oraingoz, larrialdi zerbitzuek ez dituzte beraien osabaren eta lurperatutako beste beharginaren gorpuak aurkitu.

Helene eta Paulo Alberdiren osaba, Alberto Sololuze, joan den ostegunean Zaldibarko zabortegian izandako lur-jausian harrapatuta geratu zen, eta oraindik ez dute bere gorpua aurkitu. Atzo, senideek bilera izan zuten Lakuako ordezkariekin baina, argitu zutenez, hartatik atera zuten ondorio bakarra izan zen «ez dagoela inor lanean» galdutako bi beharginen gorpuen bilaketan.

Zer moduz zaudete?

Helene ALBERDI: Imajinatu dezakezu, oso minduta gaude, haserre eta inpotentzia handiarekin. Lur-jausiarena gertatu zenean, hasieran pena sentitu genuen, horrelako gauzak gertatzen direnean bezala, baina orduak pasa ahala, eta ikusita gertatzen ari den hondamendi hau guztia... bada, jada penarik ez, haserrea, amorrua eta inpotentzia sentitzen dut.

Zein izan da Lakuako Gobernuko ordezkariekin izan duzuen azken kontaktua?

HA: Gaur ordu batetan senideak deituta geunden Zaldibarko zabortegira joateko, eta nire osabaren partetik nire ama eta lehengusua joan dira, osabaren arreba eta alaba, eta bestearen familiakoak baita. Hasieran teknikari batzuk egon dira, eta ordu bietan agertu dira Josu Zubiaga [Segurtasuneko sailburuordea] eta Pedro Anitua [Larrialdiei Aurre Egiteko zuzendaria]. Amak kontatu dit hasieran esplikatu dietela mendi-hegaletan lur-jausiak izateko zein arrisku dauden, eskola magistral moduko bat eman dietela. Gero, saiatu dira justifikatzen zergatik ez diren lanean ari.

Amak esan dit bileratik atera duen ondorio bakarra izan dela ez dagoela inor lanean, ez dela egon aurrerapausorik. Ikusita familiaren haserrea, makina txikiren bat sartu dute giroa baretze aldera, baina amak esan du plantak egiteko dela, ‘paripea’, makina horrekin ez dagoela ezer egiterik; behar direla makina asko, jendea lanean eta inbertsioa. Oso-oso mingarria izan da familiarentzat ikustea 72 ordu pasa eta gero hor ez zegoela inor lanean.

Bilerak, orduan, ez dizue balio izan.

HA: Ez, gehiago mintzeko balio izan du, beste sastakada bat. Esperantza geneukan, lehenengo aldia zen biltzen ginela, eta ea zerbait lortzen genuen. Baina gure begiekin ikusi dugu ez zeudena lanean, eta gainera, beraiek esaten ‘bai, bueno, lanean ari dira, makinak sartuko ditugu...’ Ez. Ez dago aurrerapausorik, eta ez dago aurrerapausorik interesik ez dagoelako. Ikusten da gutxi axola zaiela eta ez daukatela guk daukagun presa gorpua hortik ateratzeko.

Nola izan zenuten ezbeharraren berri? Enpresak eman al dizue azalpenik?

Paulo ALBERDI: Lehengusuari deitu zioten, eta lehengusuak amari deitu zion lur-jausia izan zela esanez. Deia jaso eta gero, ama eta aita Eibarrera joan ziren, baina enpresaren aldetik ez dugu inolako informaziorik jaso. Lehenengo egunean han azaldu ziren nagusiaren iloba batzuk, apur bat familiarekin egotera, baina osabaren nagusia izan dena ez da hiru egunetan azaldu, ez familiari azalpenak ematera, ezta doluminik ematera ere.

Enpresaren aldetik jaso dugun tratua ez da batere bidezkoa izan. Osabak urte askoan egin du lan enpresa horretan (2008tik, hamabi urte), beti nagusi berarekin, eta nagusi horrek oraindik ez du ezer esan, ez da agertu ere egin.

Gainera, osaba datorren urtean zen jubilatzekoa, urtarrilean; hau zen lanean egin behar zuen azkenengo urtea.

Komunikabideetan azaldu duzuenez, zabortegian lur-jausia gertatu aurretik ere, osabak bazuen zerbait jazoko zen kezka...

PA: Lehengusuak azken egun hauetan askotan esan digu, osabak esaten zuela egunen batean ezbeharren bat gertatuko zela leku horretan. Bertako langileek ere ikusten zuten han gauzak ez zirela ondo egiten ari.

Noiz izan zenuten enpresarekin edo administrazio publikoarekin lehenengo hartu-emana?

PA: Ostegunean ama eta lehengusua Eibarrera joan zirenean, orduan bai, agertu ziren bertan Eusko Jaurlaritzako eta Babes Zibileko ordezkariak. Baina lehenengo egun horretatik aurrera ez dugu izan haien berririk.

Nire arrebak Twitterren kritika egin ondoren, berriro hasi dira gurekin harremanetan jartzen, baina pare bat eguneko tartea izan dugu informaziorik jaso ez duguna.

Egoera eta jarrera horietatik zerk mintzen zaituzte gehien?

PA: Alde batetik, informazio faltak. Guk ez dakigu zer egiten ari diren, zer gertatzen ari den bertan. Zerbait gertatzen denean komunikabideen bidez edo sare sozialen bidez jakiten dugu; adibidez, suteak izan direla edo amiantoa agertu dela. Hori guri inork ez digu zuzenean esan. Beste alde batetik, daukagun irudipena da bilaketa lanak ez direla serio egiten ari. Hasi ziren, bizpahiru orduz egin zituzten, berriro gelditu zuten, hurrengo egunean berdin. Gure sentsazioa da bilaketa ez dela benetakoa izaten ari. Nahi duguna da, batez ere, osaba azaltzea, gutxienez hileta egin ahal izateko eta atsedena eman ahal izateko. Ez jakitea zer gertatu den oso gogorra da, batez ere lehengusuarentzat eta amarentzat.

Zuek jarri zarete harremanetan enpresaren edo Gasteizko Gobernuko ordezkaritzaren batekin?

PA: Bai, ikusita beraiek ez zirela gurekin harremanetan jartzen, gu hasi gara batera eta bestera deitzen, baina ez da erraza izaten ari, batek bestearengana bideratzen zaitu.

Baina arreba komunikabideetan agertu zenean, orduan hasi ziren apur bat kargu egiten eta gurekin harremanetan jartzen. Badirudi presioa eginik soilik lortzen duzula eurak nolabait mugitzea.

Bitxikeria gisa esango dizut Babes Zibileko nagusia denak, arrebak Twitterren idatzi ondoren, amari deitu ziola ezkutuko zenbaki batetik, informazioa emateko eta bilera bat egiteko, baina betiere ezkutuko zenbaki batetik, amak ezin zezan bere zenbakia izan.

Aurrerago, hau guztia pasatzen denean, neurriak hartuko dituzue?

PA: Momentu honetan gure lehentasuna da bilaketa lanei ekitea eta osaba agertzea, oraintxe bertan buruan daukagun bakarra hori da. Hori egiten dugunean, eta ziur gaude lortuko dugula, behar adina presio egin baitugu osaba agertzeko, ikusiko dugu, orduan bai, zer pauso eman behar ditugun eta norengana jo behar dugun. Erantzukizunak eskatuko ditugu, baina momentu honetan gure lehentasuna osaba azaltzea da.

Zer eskatzen diezue, beraz, enpresari eta administrazioari?

PA: Batez ere bilaketak serio egiteko. Hor bi langile hil dira lanean ari ziren bitartean, eta familiok eskubidea daukagu behintzat hileta duin bat egiteko eta kontu hau behar bezala ixteko. Kontu hau ixten ez bada, familiak ezin du atseden hartu. Beraz, eskatzen duguna da bilaketa indar guztiekin egiteko.