Vicente Ameztoyren «unibertso klorofiladunak» Bilbo berdatu du
«Natura bera interesatzen zait, eta paisaia naturaren ugaritasun gisa, haren adierazpen goren gisa». Esaldia 1973koa da eta esataria, elkarrizketak gustuko ez zituen Vicente Ameztoy (Donostia, 1946-Villabona, 2001) margolaria. Bere pintzelak emandako giza itxurako txorimaloek eta gizaki eta landareen sinbiositik sortutako pertsonaia dotore, aztoragarri eta erakargarriek belarraren klorofilaz margotu dituzte Bilboko Arte Ederren Museoko horma urbanoak.
Bilboko Arte Ederren Museoak argitaratu duen katalogo dotorearen hasieran, eta orrialde bikoitzean, Vicente Ameztoyren (Donostia, 1946-Villabona, 2001) argazki bat dago. Zigarroa azken puntaraino xurgatzen ageri da, paleta eskuetan duela, alboka eserita. Villabonako Etxe Ondo baserrian atondu zuen estudioan hartuko zioten, seguruenik, han eman baitzituen bere bizitzako urte nagusiak. Ameztoy adi-adi dago, denboran geldirik egongo balitz bezala, pareko hormetan zintzilikaturiko erretratuei begira, berak hain berezko zituen pertsonaia erdi gizaki erdi begetalen erretratuei begira. Han, txoko batean, ikerketa anatomiko bat antzeman daiteke; beste batean, adar batzuk, eta, sakabanaturik, tamaina guztietako margolanak, paperean, mihiseetan...
Orain horma urbanoagoetan zintzilikatu dituzte, behingoz, naturaz blaitutako margolan horiek. Oso gertutik begiratu beharreko unibertso surrealista, ironiko, bitxi eta aztoratzailea osatu zuen Vicente Ameztoyk, baina beti naturaren sustraiei itsatsita. Javier Viarrek dioen bezala, berarekin “inbasio klorofilikoa” iritsi da Bizkaiko hiriburura. Museoko zuzendari ohi Viar eta Miriam Azurki historiagilea dira euskal egile garrantzitsu honen atzera begirako erakusketa honen “erantzuleak”. Arte Ederren Museoko aurtengo denboraldiko hitzordu nagusietakoa izango da berau. Gaur zabaldu eta ekainaren 7ra arte ikusi ahal izango da.
Gutxitan ikusi ahal izan da Ameztoyren lana bere orokortasunean. Oraindik bizirik zegoela, 1976an, Madrilgo Juana Mordo galerian jarri zuen erakusketa aipatu ohi da –ospetsua zen dagoeneko eta asko saldu zuen; erakusketa hori bere ibilbideko mugarritzat jotzen da– eta 1990ean, Donostiako Koldo Mitxelenan, “Karne & Klorofila” izenburupean prestatu zuen beste bat. Aipatutako lehenetik, ordea, lau hamarkada igaro dira, eta bigarrenak bere lehenengo urteetako ibilbidea bakarrik bildu zuen.
Adats gorria eta belarra
«Ia egunero autobusa hartu eta Madrilgo Arte Ederren Zirkulura jotzen nuen erakusketa ikustera. Egunero zerbait desberdina aurkitzen nuen margoetan», aitortu zigun atzo Virginia Montenegrok erakusketaren aurkezpenean. «Zeintzuk diren bere lanen artean nire gustukoenak? Denak, egia esan. Eta berak zeintzuk zituen gogokoen? Margotu eta baztertu egiten zituen berehala». Vicente Ameztoyren alargunak senarraren “musa” dela behin eta birritan entzun behar izan zuen atzo eta, antza, ez zegoen oso eroso “titulu” horrekin. Halere, museoko hormetan aurki zitekeen bere adats gorria, belarren artean nahasita.
Erakusketa Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ikusi ahal izan da azken hilabeteetan, ados, baina gurera zabalago eta osatuago dator, guztira egile honen ibilbide osoa biltzen duten 53 lan esanguratsu eta garrantzitsuenak ekarri baitituzte. Juana Mordo galerian erakutsi zituen lanak ikus daitezke, bai eta Bastidako (Araba) Remelluriko ermitarako enkarguz margotu zituen saindu “begetalak”. Horrez gain, paperean egindako zenbait lan (kartelak, marrazkiak), collage-kutxak eta film labur bat, “Miradas” (1969) izenekoa, daude ikusgai. Zinema eta komikia arte herrikoiak gustuko zituen eta eragin handia izan zuten bere unibertsoan… eta Ameztoyren beraren begiratzeko moduak, era berean, zineman oihartzuna izan zuen. Esaterako, Julio Medemen “Vacas” (1992) film ederrean.
«Villabonako Arcimboldo» deitu zion, umoretsu, Miguel Zugazak, Arte Ederren Museoko egungo zuzendariak. XVI. mendeko margolari italiar horrek lorez, aberez eta fruituz bete eta osatu zituen bere erretratuak. Gipuzkoarrak, aldiz, gure zelaietako belarrak, baserrietako metak eta basoetako adarrak erabili zituen, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetan, hain ospetsu egin ziren margolanak josteko. Baina berarekin zera gertatu zen; kritikoen onespena eta publikoaren maitasuna zuen arren, zirkuitutik kanpo gelditu zela. Batik bat, astiro eta denboraz, zorrotz eta gustura lan egitea maite zuelako.
Aurreko belaunaldiko euskal artisten hizkuntza abstraktua baztertu, eta 60ko hamarkadako euskal artea zeharo eraldatu zuen figurazioaren alde egin zuen Vicente Ameztoyk. Figurazioari heltzeko modu desberdina zuen, hala eta guztiz ere, misterioz eta ironiaz betea. Irudi aztoragarriak eta ohiz kanpokoak gauzatu zituen, beti ere natura abiapuntu hartuta, baina paisaia osagai aztoratzaile bihurturik.
Erakusketa osatzeko, katalogoa egin dute bisitariei margolariaren ibilbide artistikoa hobeto ezagutarazteko, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagaren testuekin, besteak beste. Horrez gain, liburu bat argitaratu dute, Javier Viarrek idatzia –lan handia egin du Ameztoyren inguruan, Miriam Alzuri komisarioarekin batera–, eta www.museobilbao.com webgunean kronologia zabal bat plazaratu dute.