Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Zientziaren apaizeria eta fededunak

Topikoa da herri honetan –eta har ezazu kontzeptu hori gogokoen duzun adieran– gogotik sortzen direla fededunak; eta topiko gehienek bezala, asko du egiatik. Ez pentsa iraganaldian esan beharreko zerbait denik.

Probetxugarriak izan daitezke fedeak, bizimodu makurrak alaitzeko, urri dugun segurtasuna biderkatzeko... edo mendiak mugiarazteko –gurean, agian, Eitzagakoa ikusita, mesedegarriagoak izango lirateke mendiak bertan geldiarazteko balioko balute–.

Fedeen eragozpen nagusia, haatik, izan ohi da, horiek kudeatzeko, apaizeriak sortzen direla ia beti. Eta funtzio sozial guztiek bezalaxe, talde zein norbanakoen interes berezituak izaten dituztela apaizeria horiek. Fedearekin berarekin zerikusi gutxi edo batere ez duten interesak, usu.

Iruña-Veleiako auziak, gainera, ikusarazi dit zein erraza den askorentzat fede dogmatiko erlijioso edo politikoetatik fede dogmatiko «zientifikoetara» jauzi egitea, amen batean. Apaizeria baten ordez beste bat hobetsi eta fedearen segurtasuna edukitzen jarraitzea, alegia.

Oso fede eskaseko ijitoa izan naiz ni, ordea. Beharbada, auzoan bagenuelako letrarik apenas baina jakituria galanta zuen bat, txiki-txikitatik erakutsi zidana: «Ahuspez jarrita, ez duk ezer ikusten». Esan eta izan. Harrezkeroztik, ahalik gutxien ipintzen naiz ahuspez.

Geroago, askoz ospe handiagoa (eta okerragoa) duen beste batek erakutsi zidan: «Ez baduzu tentuz ikertu, ez duzu hitz egiteko eskubiderik». Mututasun orokorra ekar badezake ere, zentzuzkoa dirudi horrek, ezta?

Gauzak horrela, Iruña-Veleiako aferaz neure iritzi trauskila doitzeko asmoz, baratzean aurkitutako teila-zati zahar bat eta txinoan erositako altzairuzko hormigoi-iltze batekin, auzigai direnak bezalako idazkun bat egiteari ekin diot. Alferrik. Baldarra naizelako izango da, baina itxura horretako ezer ez dut lortu, ezta hurrik eman ere. Ea zuetakoren batek...

Nolanahi ere, gogoan izan: Pierre de Lancrek inoiz ez zuen leihotik hegan abiatzeko saiorik egin.