FEB. 13 2020 JOPUNTUA Esku-hartze kolektiboen beharra Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Asko ikertu da nerabeek egiten duten smartphoneen erabileraz. Baita erabilera horretan guraso edota etxekoek erabiltzen dituzten bitartekaritza estiloez eta smarpthoneekiko euren jarrerak duen eraginaz. Ikerketa akademikoek agerian uzten dituzte gurasoen/etxekoen mugak. Eta ulergarria da, hasteko eta behin, guraso/etxeko horiek ez direlako smarphoneekin nerabe izan. Eta hortaz, ez dutelako euren aurrekoengandik gai horrekiko inongo eredurik heredatu, dela erreproduzitzeko dela eraldatzeko. Era berean, ikerketek nerabeek smartphoneekin duten harremanean dagoen alde psikologiko eta emozionala kontuan hartu beharra dagoela azpimarratzen dute. Nerabe baten talde-pertenentzia eta aitorpen-soziala, besteak beste eta hein handi batean, smartphonearen bueltan ematen direlako. Eta guraso/etxekoek bitartekaritza lana egiterakoan hori aintzat hartzea oso garrantzitsua da, nerabea ulertua senti dadin. Familien bitartekaritza lan hori, ordea, modu askotan egin daiteke. Telebistarekin edo elikadurarekin bezalaxe. Hainbat familia, hainbat eredu. Baina nago esku-hartze kolektiboen beharrean gaudela. Hau da, ez dela familia barruan geratu behar duen lanketa bat. Smartphonea, telebista ez bezala, familiatik harago ateratzen baita, dela komunikaziorako aukerengatik, dela kalera eramaten dutelako. Horrexegatik, familia ezberdinen artean hausnartu eta adostu beharreko auzia dela iruditzen zait. Eta, zergatik ez, eskola izan daiteke elkargunea, nerabeen berdinen taldeko familien hausnarketarako espazioak behar baititugu. Ez soilik smartphone propioa noiz emango zaien modu kolektiboan erabakitzeko. Baita haurrak direnetik guraso taldeetan noiztik aurrera eta nola parte hartuko duten adosteko ere. Eta beste erabaki asko eta asko. Eta irakasleek ere prozesuaren eta erabakien jakitun izan behar dute. Eta instituzioek, gutxienez, baliabideak eskaini. Sinetsita nago: esku-hartze kolektibo eta partekatu batek gai honetan ordena apur bat jartzen lagun dezake. Ikerketek nerabeek smartphoneekin duten harremanean dagoen alde psikologiko eta emozionala kontuan hartubeharra dagoela