Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Txikitatik behatzen

Ni beti izan nintzen letretakoa, nire indarguneak historia, filosofia, literatura ziren. Horietan aise topatzen nuen zer hausnartu, zer alderatu, zer ikasi, zer gozatu; zientzietan, ordea, buruko mina besterik ez, ezintasuna, denbora galtzen ari nintzelako sentsazioa. Esan dezagun, gaztetxotan, erabateko zentzua hartzen niola ingelesa, adibidez, ondo ikasteari, besterik ez bazen ere gustuko nituen abestien hitzak konprenitzeko; gainera, bat gentozen gurasoak eta hirurok: ikastola bukatutakoan, astean bitan, ingeles-eskolak jasotzera ondo txikitatik, etorkizuna beti gogoan.

Matematikak, jakina, onartu beharra zeuden, batuketak, kenketak, biderketak eta zatiketak, eta kito; munduan inongo erosketak ez zidan eskatuko sinu, kosinu eta integral madarikatu haiek egin beharra, eta gurasoak ados, antza: «nahiko» eskasa aski genuen gaiaz gehiago ez hitz egiteko, benetan garrantzitsua zena, etorkizuna, ez izorratzeko. Egia da nire bokazioa beste alde batetik zihoala, Zientzien Fakultatetik urrun baino urrunagotik, baina hara hurbildu izan balitz… ziur nago orduan, 18 urte eskasekin, oso gogorra izango zela alde askotatik, eta ez ikasketek eurek eskatzen duten ahaleginagatik, preseski; bakardadeak izango ziren eramangaitzak, salbuespen-sentsazio etengabea, etengabeko ez dakit zer frogatu beharra... mundu guztiari, behin «intrusismoan» hasita.

Urte asko eta asko geroago, ez dirudi gauzak gehiegi aldatu direnik, eskola-adinean dauden neskatilak zientzietara erakartzeko egiten diren askotariko ekimenak kontuan hartuta, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Egunean zabaldutako datuei erreparatuta, urteko egun zehatz bat hala izendatuz nabarmendu behar izanda… horren guztiaren beharra egiaztatuta. Oraindik ere, argi dago, aurkikuntzen mundua, ikerketak, teoriak, teknologia konplexuak, orduak eta orduak eta saiakerak eta saiakerak eta buruhausteak eta obsesioak eskatzen dituzten jakin-min horiek guztiak gizonezkoen trebetasun gisa irudikatzen direlako, eta hala hautematen, noski.

Izan ere, egun oraindik, zer neska gaztek uste du horretarako guztirako denbora (ordaindua izan arren) izango duenik, beste guztiari (bikotekidea eta familia, nagusiki) uko egin gabe? Ingurua behatuta, zientzien mundua horretan datza eta, zer neska gazte azkar eta errealistak? Bada, arrakalarik gabeko bokazio suntsiezina, lehentasunak oso argi eta adore dezente sendoa dituenak, nahiko ezaugarri ezohikoak bizitzako adin horretan, karrera hautatzeko garaian.