MAR. 01 2020 «Bizitza goraipatzen» duten ardoen kooperatiba «Biba Ardoak» ez da ardoa goraipatzeko erabiltzen den leloa bakarrik. Iaz kooperatiba moduan sortu zen proiektu kooperatibo honek Euskal Herri osoko ardogile ekologiko eta biodinamikoak batu ditu, banaketa arloan indartsuago iristeko ostalari zein kontsumitzaileengana. Elikadura burujabetzan beste urrats bat egiteko sortua dela uste du Arturo Villanuevak, proiektuaren bultzatzaileetako batek. Ardoa bizitza goraipatzeko tresna moduan ikusten dute. Ane URKIRI ANSOLA DONOSTIA «Mahastiak bizirik daude erabat, bizitza darie. Gure produktuak ez dira negoziatzeko zerbait, bizitza produktuak dira». Bizitzak inguratzen ditu ardo ekologiko eta biodinamikoak, ekoizpenetik dastatzeraino; «hortaz, erraza izan zen Biba Ardoak esatea». Hala azaltzen du proiektuaren bultzatzaileetako batek, Arturo Villanuevak. Iazko udaberrian sortu zen proiektu kooperatibo hau, ardoa modu ekologikoan ekoizten duten upategi txikien asmoak bateratu eta logistika edo banaketa lanak errazteko asmoz. Euskal Herrian egon badaudelako elikadura burujabetzarekin konprometituak dauden ardogileak edo vigneron delakoak, Biba Ardoak-ek erabiltzen duen figura: «Euskaraz ez daukagu hitzik horretarako, gaztelaniaz ere ez. Frantsesez bai, eta vigneron erraten dugularik hartzen dugu bere baitan mahastizaina, ardogilea eta ogibide honek duen alde artisaua. Prozesu guztia bere eskuekin egiten du». Vigneron da Itxaso Compañon, 2011n bere gurasoen mahastiak eta upategia bere egin zituenetik, El Mozo Wines izenarekin. Bere bikotekide Gorka Mauleonekin hasi zen eta orain bere anaia Unai ere batu da proiektura. Bizitzaren patuak eraman zuen upategira; bere gurasoen heriotzaren ondotik, zaindari gabe geratu zen Compañon-Arrieta upategia eta Bartzelonatik Lantziegora itzultzea erabaki zuen Itxasok. Iaz, Biba Ardoak dinamikara batu zen, logistikoki Euskal Herriko kontsumitzaileengana iristeko zituzten zailtasunei bide emateko. «Banaketak beste lan bat dakar guretzat; guk zaintzen ditugu mahastiak, guk egiten ditugu ardoak eta paper kontuak. Ardoak banatzen joateak beste lan bat dakarkigu eta honek ez du hobea egiten gure produktua. Nahiago dut mahastian egon ardoa banatzen baino», azaldu du. Urtean, baldintzen arabera, 25.000 eta 45.000 botila artean ekoizten dituzte, bost ardo ezberdinekin. Ardogintza erromantikoa Biba Ardoak kooperatibak egun 14 upategi ditu, eta 80 ardo mota eskaintzen ditu. Euskal Herriko upategi txikiak dira, modu ekologikoan ekoizten dute, ekonomia sozial eraldatzailearen balioekin bat egiten dute eta elikadura burujabetzaren alde egiten dute guztiek. Eta guztiek daukate tokian tokiko jatorri izendapenaren zigilua. «Guk ardogintzari buruz ideia erromantiko bat daukagu. Upategi handiak ez daude aski lotuta lurrarekin, enologoak kontratatzen dituzte ardo egokienak egiteko», azaldu digu Villanuevak. Duela bost urte ostalaritzaren sektorean sartu zen eta tokiko produktuekin egiten zuen lan. Hor ohartu zen bazegoela hutsune bat, Euskal Herri mailan, ardogintzan. «Agroekologia dinamika bat sustatu nahi dugu». Katalunian edo Estatu frantsesean askoz garatuago dagoen formula da eta Compañonek onartzen du beraien produktuak begirune gehiagorekin ikusiak daudela atzerrian. Ardoaren sektorean «asko kostatzen da baloratzea zein den artisaua, hurbilekoa, landuagoa, baserrikoa… Gazta edo tomate baten kasuan errazago desberdintzen du kontsumitzaileak baina ardoaren munduan guztia da ardoa», dio. Frustrazio horretatik ere badu zerbait Biba Ardoak proiektuak. Euskal kulturan ardoa hain errotuta egonik –duela 2.000 urtetik ekoizten da ardoa–, «ardo kapitalista eta espekulatzailea edaten dugu», erantsi du Villanuevak. Orain arte alternatiba bazegoen, upategi hauek ekoitzi ekoitzi egin dutelako, «baina ez zegoen alternatiba antolaturik». Orain, Villanuevaren ustetan, Euskal Herri burujabean –baita elikaduran ere– sinesten duten ostalariek ez dute «aitzakiarik» izango modu ekologiko edo biodinamikoan ekoitziak diren ardo «bizi eta energia beteak» ostatuetan izateko. «Burujabetza ez da pankartetarako soilik», adierazi du tinko. Ardoaren burujabetzarekin ere bizitza erdigunean jarri nahi dute; ekoizleen bizitzatik, kontsumitzaileenganaino. «Sustatu nahi duguna herrikoia da, gaztea, bizitza goraipatzen duena; ez da elitista. Ardoa bizitza ospatzeko elementu garrantzitsua izan da gure kulturan eta jarraitu behar du izaten. Komunitatea sortzeko, trinkotzeko baliagarri izan dugu eta baliagarri da». AURKEZPENA Bihar Donostiako Tabakaleran egingo dute aurkezpena, hilabete batzuetako ibilbidea egin ostean. Oraingoz, Donostialdeko 17 ostatutan aurkitu daitezke ardo hauek edo Euskal Herriko bederatzi kontsumo kooperatibatan.