MAR. 25 2020 JOPUNTUA Nartzisismo ideologikoa Mikel Aramendi Kazetaria Izurritea ez da amaitu –zuzenagoa izan daiteke hasi besterik ez dela egin esatea, gure kasuan–, eta sutu da jada kontaeren gatazka. Eta ez da horren kontraesankorra, beharbada. Beldurraren kudeaketarekin baitu lotura zuzena, besteak beste. Gizakiaren arrazionaltasuna erositako prezioan saldu beharrekoa delako. Norbanakoen mailan, horrek esplikatuko lituzke, agian, egunotan etengabe ikusi ahal izan ditugun antzaldaketa batzuk. Esate baterako, nola urtarriletik martxora «Txinako zera hori» txantxak eta trufak egiteko besterik aintzat hartzen ez zutenak diren, orain, kartsuen maiseatzen dituztenak «begien bistan zutenari aurre egiteko neurriak hartzeko gai izan ez diren agintari babo horiek». Edo «bere herritarren giza eskubideak urratzen ari den diktadura gupidagabea» madarikatzen zutenak dauden orain garrasi batean kalera ateratzen diren «ganoragabe horientzat» egurra eta isuna eskatzen (eta, kasu, txalotzen). Hurkoa larrutuz autokritika egitea ere deitu ohi zaio horri. Enpatiarik ezaz edo lotsa eskasiaz harago, nork bere iragana berregiteko, antzaldatzeko gaitasunarekin du zerikusia. Arazoa, ordea, gaiztotu egiten da iraganaren berregintza hori norbanakoek ez ezik erakunde handi eta ahaltsuek egiten dutenean. Eta hori ere gertatzen ari da egun hauetan. Esate baterako, oraintxe bertan AEBetan, joera batekoen zein bestekoen artean egia ziurraren tasuna du esateak Txinak beranduegi eman zuela izurritearen berri; edo lausotu egin zuela haren larritasuna. Ahobatezkotasun horrek, haatik, akats ñimiño bat du: ez dela egia. Eta gaia arakatzen duen edonork eskura ditzakeen datu guztiek kontra-kontrakoa adierazten dutela: behingoz, Txinak, oso garaiz eta tentuz azaldu zuela zer zetorren; eskarmentua ere bazuelako 2003ko SARSarekin. Eta hari jaramon egin beharrean, Mendebaldeko munduak nahiago nahi izan duela sinestea, pandemiaren ordez, «Xi Jinpingen Txernobyl» zetorrela. Nartzisismo ideologikoa deitu dio baten batek hutsegite suizida horri. Egiazko erantzuleen larrutik pagatuko balitz Nemesisen mendekua, gaitz erdi. Arazoa, ordea, gaiztotu egiten da iraganaren berregintza hori norbanakoek ez ezik erakunde handi eta ahaltsuek egiten dutenean. Eta hori ere gertatzen ari da egun hauetan