Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Non ote dabil Wilbur Ross?

Covid-19ak hil dituenen artean ez dagoenez eta bere biografia ofizialak ere kontrakorik adierazten ez duenez, bizirik eta Estatu Batuetako Merkataritza idazkaria izaten jarraitzen duela ondorioztatzen dut.

Erdizka besterik ez da txantxa arestian esana: 82 urte ondo beteta ditu Ross jaunak; eta New Jerseykoa izanik, han gaizto dabilen birusak harrapatzen badu, betirako lotan geratzeko aukera handiak izango ditu. Wilbur Ross eta loa elkarrekin baitoaz lehendik ere: Trumpen hitzaldietan hainbat aldiz lotan harrapatu duten gizon edadetu hori da Ross.

Ez pentsa, ordea, agure goxo eta maitagarria denik. Ez. Merkataritza Idazkaritzara heldu baino lehen, negozioen munduan zaildu eta aberastutako norbait da: 2.000 milioi dolarreko ondarea kalkulatzen zion “Forbes” aldizkariak; 700 milioi «besterik» ez zituela aitortu zuen berak.

Nola eginak? Bada, «arrisku kapitalaren» munduan. Bueno, bere eskuetan erortzen zirenek pairatzen zuten arriskua, egiazki: estutasunetan zeuden enpresa eta negozioez jabetu, «garbitu», zatikatu eta saltzea izan baita bere «lanbidea» hamarkadatan. Putreen jarduerarekin parekatu ohi den zerbait, ez dakit zergatik.

Urtarrileko azken egunetatik ez dut haren berririk. Agian, horrexegatik dut hain gogoan orduan bota zuena. Goraldi bizian zegoen une hartan izurritea Hubein eta Txinako beste hainbat lekutan; egunero hazten ari ziren kutsatuen zein hildakoen zifrak; sinesgaitzak, handiaren handiaz, orain txikiegiak zirela diotenentzat ere…

Bada, Ross jaunak abagunearen ifrentzua ikusi zuen urtarrilaren 30ean egindako telebista-agerraldi hartan: Txinan gertatzen ari zen izugarrikeria hura onuragarria izan omen zitekeen milioika lanpostu Estatu Batuetara itzul zitezen… Esaten ari zena gogor samarra zela ohartuta edo, hildakoez ez zela pozten gehitu zuen…

Estatu Batuetan langabezia-tasa noraino joaten ari den ikusita, bere profeta-tasunak gogora ez ditzagun ezkutatu egin ote da? Ala aspaldiko negozioetara itzultzeko garai paregabea duela pentsatu du?