Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Terexak ez daki...

Seigarren astea etxe zuloan sartuta. Terraza edo balkoiak dituztenak, zorioneko! Gainerakook, leihoak ditugu eta zorioneko gu ere preso daudenekin alderatuta. Maiz zabaltzen ditugu haize pixka bat hartzeko, kalea begiekin arakatzeko norbait ikusteko esperantzarekin, zabor-biltzaileen lana behatzeko, pareko etxeetako bizilagunekin erdi oihuka hitz batzuk gurutzatzeko... Eta mugitzeko aske izan gabe adierazpen askatasuna egikaritzeko ere bai. Pulpitu bitxi hauetan topo egiten dut egunero Terexarekin.

Badaki eguneroko 20.00etako txaloak erietxe eta zahar etxeetako langileei esker ona helarazteko direla. Gainerako hitzorduekin, nahiko nahasita dabil. «Eta orain zer dugu?», galdetzen dit beste orduren batean ikusten nauenean. Gaur isiltasuna eta kandela piztea tokatzen da hil diren senideei gure goxotasuna helarazteko; orain, sirena jarriko dugu erraustegiaren aurka; hurrengoan, eltze-joaldia haurrei tarte bat kalera irteten utz diezaieten; kantuak ere bai Aberri Eguna edo norbaiten urtebetetzea delako. Globoak jartzen ikusita, «zer dugu gaur?». Gaur umeen festa... etxeetatik.

Terexak hirurogeita hamapiko urte ditu eta itxialdia noiz eta nola bukatuko den kezkatuta dago. Ez hori bakarrik, buruhauste ederra dauka ondorengoa nolakoa izango den. Ez da bakarra. Nik ere makina zalantza ditut. Ez dakit antzeko itxialdi gehiago izango diren; gauzak asko aldatuko diren usaina hartzen diot, baina zein zentzutan? Zer motatako gizartea, zer herri, zer Euskal Herri, zer mundu izango da honen ondoren? Leihotik leihora ezin dut Terexarekin eztabaida hain potolotan sartu. Eta aurrez aurre egonik ere... nork daki?

Atzera begira gizaterian izandako berealdiko krisialdietan aldaketak ere halakoxeak izan dira, berealdikoak. Maiz hoberako, baina ez betirako. Ezustean, edozein unetan, erdietsitako lorpenak bertan behera gera daitezke. Eta horrek ere kezkatzen nau.

Orain, ordea, aurrera begiratzen dut, etorkizun hurbilera. Bizitzaren beste «fasea» esaten dioten horretara, jubilaziora alegia. Izan ere, irakurle, gaurko hau duzu nire azken zutabea. Plazera izan da.