Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Fu Manchu eta Sax Rohmeren berpizkundea

Ez dira gaiak falta, alafede, itxialdia entretenitzeko. Baina batek liluratu nau, beste guztien gainetik, azken egun hauetan. Fu Manchuren misterioa dei geniezaioke.

Nola da posible ia inork (ezta nazioarteko hedabideetan ere) ez gogoratzea aspaldiko literaturako, zinemako eta komikietako pertsonaia gaizto beldurgarria… hari zerion pentsaera barra-barra saldu nahi zaigunean? Mintzamolde «serio» eta «dokumentatuz» jantzita; baina hitzez hitz, askotan. Berbera.

Benetan, oraintxe bertan «arrisku horia» zerbait sinesgarria balitz bezala palakadaka sartu nahi diguten horiek ez ote dakite ehun urte baino gehiago dituen bazka arrazista berbera mahairatzen ari direla? Edo hori ondotxo dakitelako, saltzen dutena nondik datorren mozorrotzeko «ahanztura» besterik ez da? Jotzen ari diren partituran ez al du egilearen izena ipintzen?

Dena dela, orain, Mendebaldeko herrialde nagusiek Covid-19aren inguruan egin duten kudeaketa katastrofikoaren harira lotsagabetu den sinofobia (ez da Trump eta enparauena bakarrik; ezta gutxiagorik ere) eta duela ehun urte Sax Rohmer idazleak paperera lehenik eta zinemara gero eraman zuen eta, azkenean, komikietan ere argitaratu zen «arrisku horiaren» karikatura hura iturburu berberetik datoz: Mendebaldeko (eta, bereziki, mundu anglosaxoiko) arrazismotik. Agian, konparazioz arreta eta, bidenabar, kritika gutxien jaso duen europar arrazakeriaren adarretik: «horien» aurkako arrazismotik.

Arrazakeria geoestrategikoa dei genezakeena da: guk mendean hartzen ez baditugu, beraiek hartuko gaituzte azpian… berezkoa duten gaiztakeria erabiliz, jakina. Bueno, eta gehiago direlako… Eta “sofistikazio” intelektual hori, agidanez, nahikoa da juduen edo beltzen aurkako arrazakeria itsusitzat jotzen duten hainbatek ere ontzat eman dezan “hori horien” aurkakoa. Beraiek ala gu, baita. Arrazakeria guztiak bezalatsu.

Bere horretan jarraitzen du arrazismo horrek Sax Roehmeren garaietatik hona. Mundua da aldatu dena. Asko gainera.