GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Aldaketak mundu mailako lehiaketa ereduan

Olinpiar Jokoen iragarpenaren ostean indarra galdutako WSL erakundeak osasun krisia baliatuko du erreferentzialtasuna berreskuratzeko. Egun etenaldian dagoen goi mailako txapelketa ereduan aldaketa sakonak izango dira. Besteak beste, datorren urtetik aurrera WSL titulu mundialak itzuliko azken egunean erabakiko dira.


Surfa kirol olinpiko bilakatu zenetik hamarkada luzeetan baztertua izan zen International Surfing Association (ISA) erakundeak indar handia hartu zuen, eta, aitzitik, munduko txapelketen monopolioa zuen World Surf League (WSL) erakundeak lehen aldiz aitzindaritza historikoa kolokan ikusi zuen. Horren aurrean, WSL enpresa formula berriak prestatzen hasi zen.

Nolabait esatearren, ISA erakunde publikoa da, “munduko txapeldunak” izendatzeko eskumena dauka eta antolakunde honek antolatzen dituen lehiaketetan surflariak beren herrialdeko selekzioa ordezkatuz lehiatzen dira. WSL erakundea, ostera, entitate pribatu bat da eta ez du “munduko txapelduna” izendatzeko eskumenik.

Hau da, WSL erakundeak antolatzen dituen mundu mailako itzuliak irabazten dituzten surflariek titulu pribatu bat eskuratzen dute. Adibidez, Kelly Slater hamaika bider munduko txapelduna izan dela esaten dugunean, egiaz, Floridakoa hamaika bider WSL zirkuituko irabazlea izan dela esan beharko genuke. Alta, mundu osoko surflariek ematen dioten legitimitateari esker WSL erakundeko zirkuituetako irabazleak munduko txapeldun gisa onartuak dira.

Gauzak horrela, WSL erakundeari urte luzez itzalik ere egiten ez zion ISA antolakundeak sekulako indarra hartu zuen Japonian egingo diren Olinpiar Jokoetan lehen aldiz surfa izango zela iragarri zenetik. Izan ere, munduko surflariek halako ekimen batean parte hartzeko egin beharreko gestioak kudeatzeko eskumena ISAk du.

WSL erakundeak aintzat hartzea lortu zuen. Esate baterako, WSLko zirkuituetan emaitza onenak lortzen dituztenek Olinpiar Jokoetan parte hartzeko plaza eskuratzen dute. Hala ere, kolpe gogorra izan zen WSL erakundearentzat, ordura arte izan zuen mundu mailako txapelketen monopolioa galzorian ikusi baitzuen.

Etengabe egokitzen

Testuinguru horretan, egoera berrira moldatzeko etengabeko aldaketak egin ditu entitate pribatuak. Ikusle gehien eta surflari gehien mugitzen duen erakundea izaten jarraitzen du WSL erakundeak, eta horretarako ikuskizuna eskaini behar du, baina pantailaren beste aldean dauden mundu osoko milioika ikusleak azkar aspertzen dira, eta, ondorioz, etengabe formatua aldatzera behartuta daude txapelketaren antolatzaileak.

Horren guztiaren erdian, mundu osoan hedatu den osasun krisia iritsi da. Fernando Aguerre ISAko presidenteak egutegia aldatzeko inongo asmorik ez zutela iragarri zuen martxo hasieran, Kaliforniako La Jolla hondartzan herrialdeen arteko surf egokituko munduko txapelketak egiten ari zirenean.

Aitor Frantzesena zarauztarra han zen eta itsuen munduko txapelketa irabazi zuen selekzio espainiarrarekin. Itzuleran ordea, ezin izan zuen ospatu, koronabirusarekin kutsatuta baitzegoen. Bere «bizitzako momenturik txarrenak» pasatu zituela azaldu zuen. ISA erakundeak, ordea, ez zuen herrialdeen arteko txapelketen egutegian aldaketak egiteko asmorik oraindik. Egun gutxiren buruan aldatu behar izan zuten jarrera eta ordutik ezjakintasuna da nagusi.

WSL erakundeak ere erabaki zailak hartu behar izan zituen, Australian hastekoak ziren lehen mailako zirkuituko CT txapelketak bertan behera utzi baitzituen. Ia bi hilabete igaro dira, eta bateko zein besteko txapelketak eta zirkuituak airean dira. ISA erakundeak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko eskuratu behar diren plazak banatzeko txapelketa batzuk egin behar zituen, baina halabeharrez egutegia moldatu beharrean aurkitzen dira. Olinpiar Jokoak ere egiteko moduan izango diren ez dago ziurtatzerik.

Alde horretatik, presio gutxiago du WSL erakundeak, bere zirkuituak berak kudeatzen baititu osorik eta, ondorioz, erabakiak hartzeko askatasun handiagoa du. Ez dago Nazioarteko Batzorde Olinpiarraren menpe edo egutegi zehatz bati lotuta.

Jada, ekaina bitartean egitekoak ziren txapelketak guztiak bertan behera utzi ditu eta aurtengoan nola edo hala WSL titulu mundiala lehiatzeko bitarteko guztiak ezarriko dituela iragarri duen arren, begirada 2021eko denboraldian jarria duela gero eta nabarmenagoa da. Garai berriei egokitzeko neurri berriak hartzen ari da.

Osasun krisia baliatu

Joan den urtarrilean WSLko zuzendari izendatu zuten Erik Logan honela mintzatu zen berriki egin zuen agerraldi batean: «Mundu mailako kirol bat antolatzea eginkizun konplexua da eta mundu mailako pandemia honetatik ateratzeak denbora eskatuko du eta konplexutasun hori izugarri katramilatuko da. Horregatik, lehiaketa eredua garai berriei egokitzeko aldaketak egingo ditugu datorren urtetik aurrera».

Loganen iritziz, «egoera etsigarria da kirol guztientzat eta bilkura publikoak kudeatzen dituzten industrientzat, baina guk ziurtatzen dugu modu legalean eta ziurtasunarekin lehiaketak egiteko aukera irekitzen den une beretik hasiko garela txapelketak antolatzen».

Gauzak horrela, WSL erakundeak maila guztietako txapelketak bertan behera utzi edo atzeratzea erabaki zuen ekaina amaierara arte. «Aurtengo denboraldian non eta nola lehiatuko garen oraindik erantzun ezin dugun galdera da, baina Gobernuekin, munduko osasun erakundeekin eta surflari komunitateekin lanean jarraituko dugu lehiaketekin jarraitzeko», azaldu zuen Loganek.

Hortaz, WSL erakundeak ez du aurtengo denboraldia galdutzat ematen, baina begirada datozen urteetan jarria duela gero eta agerikoagoa da. WSLko zuzendari berria honela mintzatu zen: «Osasun krisia baino lehenagotik jada lanean ari ginen, 2022. urtetik aurrera CT eta QS mailako Tourrak zein norabidetan garatu behar ziren aztertzeko, eta egoera berriak prozesu hori bizkortu baino ez du egin». Ondorioz, 2022tik aitzina egin behar zituzten aldaketak aurreratu dituzte osasun krisiak sortu duen egoera berria baliatuta.

«Surf Off» formatua

WSL erakundeak egiten duen gauza garrantzitsuena itzuli desberdinetako WSL titulu mundialak eskaintzea da, hala nola nesken zein mutilen lehen mailako CT tituluak, eta bigarren mailako QS tituluak kasu. Aldaketa ikusgarriena, beraz, eremu horretan emango dutela iragarri dute.

Orain arte surflari batek lortzen zituen emaitzez harago, beste lehiakideek lortzen zituzten emaitzek ere sekulako garrantzia zuten. Horregatik, sarritan, titulu mundiala eskuratzeko nahikoa zuen lehiakide batek bere aurkari nagusia kaleratua izatea. Aurkari nagusia kanporatu ostean, behar adina puntu zituen lehiakideak “lehorrean” eskuratzen zuen munduko titulua, beste txandarik irabazi beharrik gabe. Datorren urtetik aurrera, ordea, ez da horrela izango.

Iazko CT itzuliko finala erabili zuen, adibide moduan, WSLko ordezkariak formatu berriaren ideia nondik sortu zen argitzeko: «Guztiok ikusi genuen zerbait miragarria iazko denboraldiko mutilen finalean, Italo Ferreirak eta Gabriel Medinak azken txapelketako azken txandan titulu mundiala jokatu zutenean. Ikusleengan final hark izan zuen eragina nabarmena izan zen, ez zen soilik afera sentimentala izan; goi mailako surfaren historian inoiz ez zuen hainbeste jendek zuzenean jarraitu surf txanda bat, inoiz ez zuen final batek halako kontsumo maila lortu».

Aurrerantzean, beraz, lehen mailako munduko txapeldunak egun bakar batean erabakiko dira nesken zein mutilen kategorian, CT itzuliko azken egunean, eta final formatu berria “Surf-off” izenarekin bataiatu dute. WSL erakundeak bere bazkideekin eta surflari profesionalekin elkarlanean osatu duen formatu berritzailean urtean zehar emaitza hoberenak lortu dituzten bi surflariak lehiatuko dira buruz buru, urteko final erabakigarrienean.

Erosle eta babesleak topatzeko formatu berria egokia izango da, WSLko arduradunen iritziz, telebista kate eta komunikabideek finala zuzenean emateko ere zailtasun gutxiago izango baitute.

Lehiakideek ere begi onez ikusi dute eredu berria. Bi bider munduko WSL titulua eskuratu zuen Tyler Wright lehiakidearen ustez, adibidez, formatu berriak «lehiaren intentsitatea handitzen du, eta desberdintasun handiena da uretan irabaz dezakezula, eta hori sekulako aldaketa da».

Aurtengoa airean

CT mailako itzulia ez da hasi ere egin eta, ondorioz, ekainean Brasilen egitekoa zen Oi Rio Pro txapelketa apur bat atzeratuz gero, aurtengo denboraldiko lehen txapelketa izan daitekeenaren itxaropena duela aitortu zuen Loganek: «Txapelketa atzeratuko dugu bidaiatzeko baldintzak apur bat arinduko diren itxaropenarekin. Ekainaren hasieran emango dugu aditzera hartzen dugun erabakia».

Emakumezkoen zein gizonezkoen mundu mailako lehiaketa guztiak, maila edozein dela ere, etenaldian daude uneotan, baina ekainaren 1etik aurrera berriro ere egutegia martxan izango da eta argi berdea adierazten duen next call (hurrengo deialdia) goiburua berriz irakurri ahal izango da WSLko webguneko egutegian.

Aurtengo denboraldian estreinatu behar zuten Challenger Series formatuaren potentzialitatea ezin izango da baldintza normaletan frogatu, baina WSL erakundeak eredu horren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Hau da, 10.000 puntuko txapelketa gehiago eginda, lehen mailatik jaisteko arriskua duten lehiakideek nahikoa dute Challenger Series mailako txapelketetan lehiatzea, bigarren mailan puntuazio altuak eskuratu ahal izateko.

Challenger Series txapelketak ugaritzearekin, gainera, goi mailako surflariek gutxiago bidaiatu beharko dutela azpimarratu du WSLko zuzendariak, eta, zentzu horretan, surflariek gutxiago bidaiatuta, etxetik gertu puntu gehiago biltzeko aukera izan dezaten txapelketa erregionalak sustatzeko asmoa dute.

Oraindik gauza asko airean daude, baina azken erabakiekin norabidea markatu duela erakutsi du WSL erakundeak. Gutxi barru zehaztasun gehiago eskainiko dituzte eta egun ilun dauden eremuak argituko dira.