MAY. 04 2020 JOPUNTUA «London Calling» Oihane Zabaleta Tokiko garapeneko teknikaria Gaurko egun batez, 1979ko hauteskundeetan, M. Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro bihurtu zen. Aitzindari izan ziren Downing Street-eko 10. zenbakitik markatu zituen politika neoliberalak, eta haien itzal luzea gaurdaino luzatu da. Merkatuari gurtza egiteko hautua lehenetsiz, politika murriztaileak ezagun zaizkigu: enpresa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa eta langile komunitate osoaren suntsiketa. Thatcherismoaren arrakastarik handiena, ordea, baliteke, Tony Blairren Laborismo Berria eraldatzea izatea. 1979 hartako abenduaren 14an The Clash-ek desobedientzia eta errebelioaren ikur bilakatu zen “London Calling” plazaratu zuen. 2012an abestiaren iragarpen ezkor eta apokaliptikoak ahanzturan geratu ziren; Boris Johnson, orduko Londresko alkate tory-ak, inolako uzkurdurarik gabe, abestia olinpiaden promoziorako merkantilizatu zuenean. Covid-19 izurritearen kudeaketan, ez da harritzekoa izan –herritarren beldurra aitzakia hartuta– agintariak, giza hondamendiari aurre egiteko, autokraziaren erabilera normalizatua ustiatzen ikustea. Boris/Trump/Bolsonaro hirukotea horren ikur bilakatu bada ere, autokraziaren estilo sutilagoa, hemen ere, antzeman dugu. Estatu interesak, botere ekonomiko eta finantzario handietara makurtutakoak direnean, norbanako otzandu, akritiko eta menperatuak lortzea izan ohi da helburua. Ez da kasualitatea, Europa mailako arautegirik murriztaileenetakoa Espainiako Erresuman ezartzea. Herritarrek politikariengan duten konfiantza Europako baxuenetakoa den bezala, politikariek herritarrengan duten konfiantza ere oso parekoa dela dirudi. Epe ertainera, euskal lurraldean, zientzian eta kontzientzian inbertitzeaz gain, berraktibazio sozial, politiko eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko, hauek beharko ditugu: (1) oinarrizko beharretarako aliantza horizontal eta burujabeak eta (2) BPGaren indizeaz haragoko tokiko ekonomia erreala aintzat hartu eta komunitateei botere gehiago ematea: kultur sorkuntzan, autoeraketan eta oinarrizko kalitatezko produktuetan hornidura-kate luze eta hauskorrak mozteko. Herritarrek politikariengan duten konfiantza Europako baxuenetakoa den bezala, politikariek herritarrengan duten konfiantza ere oso parekoa dela dirudi