MAY. 05 2020 JOPUNTUA Ezina eta kontraesana Maider Eizmendi Kazetaria Utzi diot gezurra esateari edo egia ezkutatzeari, behartutako etxeratze honetan zer moduz moldatzen garen galdetzen didatenean. Lehen asteetan, «ondo» erantzuten nuen, galdera kortesiazkoa zelako batzuetan, eta «ez hain ondo» esateak egoerak gain hartutako amaren irudian jartzen ninduelako. Handik eta hemendik iristen ziren mezuek ere ez zuten zintzotasun ariketa egitera bultzatzen: batetik, jende asko oso egoera larrian zegoelako eta birusa hain bortitz jotzen ari zenean kexuka hastea aldrebesa zelako; eta, bestetik, bazirudielako laurok etxean egotea primerako aukera gisa bizitzera behartuta geundela: bizkotxoak egin, eskulan ederrak hasi eta bukatu, etxeko egongelan kirola egiteko tartea hartu, aspaldian garbitu gabekoak garbitu... Bien bitartean, albora begiratu eta jostailu eta bestelako trasteak nonahi, zaintza eta ordaindutako lana uztartzeko premia horretan dutxa ere presaka hartuz eta, okerrena, hau guztia hasi aurretik denbora luzean landutako ikerketa proiektua, ez atzera ez aurrera. Hala, «ondo» hori denbora gutxian «bueno» bihurtu zen eta ia segidan, «ez hain ondo». Zaintza lana ezin da bi eskurekin egin eta lau ere gutxi dira; hori ez ezik, haurren heziketa ere osoki gure gain hartzen ez gaude ohituak. Prozesu konpartitua da: gurasoek, eskolak, lagunek, familiak eta kaleak berak parte hartzen dute horretan, baina orain ekuazio horretatik aktore asko erori dira. Berreskuratu dugu apur bat bada ere kalea, baina jendea eta harremanak falta zaizkio eta horiek gabe ezin du lehen bezala irakatsi. Zaila ba, bakarrik aritzea, eta ezinean eta kontraesanetan jarri gaitu, emakumezkoak batez ere. Irakurri dut emakume zientzialariek espezializatutako aldizkarietara bidaltzen dituzten artikuluen kopurua proportzioan nabarmen murriztu dela etxeratzea agindu zutenetik. Emakumeek gutxiago idatzi dute, edo nahiago bada, gizonek tarte handiagoa hartu duten lan akademikoa egiteko. Zaintza ez da matematika, baina batuketa eta kenketa horietan emaitza ia beti berbera da. Zaintza ez da matematika, baina batuketa eta kenketa horietan emaitza ia beti berbera da