Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Amazon eta tokiko jarduera ekonomikoa

Konfinamendu garaian Amazonek burtsan marka guztiak hautsi ditu. Internet bidezko erosketek nabarmen egin dute gora (Estatu espainolean %24). Banatzaileen joan-etorriak etengabeak izan dira kale desertuetan: pauso azkarrean, presa sentsazioa agerian, eta Amazonen irribarre batekin edo gehiagorekin eskuetan. Ez baita zaila Amazonek bidalitako paketeak identifikatzea. Eta, esango nuke, ez direla beti oinarrizko produktuak eskuratzeko izan (oinarrizkoa zer den eztabaidagarria izan daiteke, noski). Frantses Estatuan Amazonen jarduera elikagai, higiene eta produktu medikoetara mugatu zen, langileen segurtasun eta babes neurriak ez zituela bermatzen argudiatuta.

Amazonen helburua txikizkako merkataritza kontrolatzea da. Eta estrategia oso bortitza diseinatu zuen horretarako, epe motz eta ertainean dirua galtzea asumituz, epe luzean erreferentzia bakar bilakatzearen truk. Eta horri langileen baldintza krudelak batuz, noski. Eta ari da bidea egiten. Galdetu bestela, herriko denda txikietan: Amazonek euren kontura egiten baitu barre, ez eurekin. Duen eraginagatik, «Amazon efektua» izena hartu zuen. Eta Amazonen zerbait erosten den bakoitzean, efektu horretan sakondu besterik ez da egiten: Amazonen balio ekonomikoa handitzen da eta txikizkako merkataritza akabatzeko bere estrategian laguntzen da. Amazonek Euskal Herritik jasotzen duen milioi kopurua ez da herri erakundeen diru kutxetan islatzen (Luxenburgon galdetu beharko). Amazonen erosteak ez du tokiko ekonomia indartzen, ez du jendartean baliorik sortzen, ez ditu gure zerbitzu publikoak hobetzen.

Konfinamenduak gure herriko denda txikiak 50 egunez itxita mantendu ditu. Eta irekitzeko jarritako baldintzek ez dute bidea xamurtzen. Orain bideragarritasuna dute helburu. Eustea. Eta herri erakundeei gure herria bizirik mantentzen duen tokiko jarduera ekonomikoa laguntzea dagokie. Eta guri, herritar gisa, gure diruarekin nor eta zer indartu nahi dugun hausnartzea. Irribarrea nori oparitu nahi diogun erabakitzea, alegia.