Andoni ARABAOLAZA
Protagonista

Brette Harrington, isilean alpinismoa aldarrikatzen

Duela bost urte, 28 urteko estatubatuarra ospea hartzen hasi zen Fitz Roy-n «Chiaro di Luna» bidea bakarka eskalatu ondoren. Joanden otsailean, berriz, bere bikotekide Marc-Andre Lecrec-en omenez, Egger Dorrean «Titanic» marraren aldaera bat (7c) sortu zuen.

Nahiz eta 28 urte besterik ez dituen, Brette Harrington alpinista zaildua da. Emakumezkoen artean, behinik behin, berezko lekua lortu du, eta, lasai asko baiezta dezakegu, gizonezkoekin nor baino nor jarduten duela. Alabaina, ziur aski izaera kontuagatik, estatubatuarraren izena zirkulu oso mugatuetan entzuten da. Bederen, ingurumari honetan ez du oihartzun handirik.

Curriculum bikaina du, baina zerrenda horri ospea eman diona duela bost urte eginiko jarduera bat izan zen. Isil-isilean, Fitz Roy-ra jo zuen. 23 urte zituen, eta “Chiaro di Luna” (6b+, 750 m) bakarka, librean eta hiru orduan eskalatu zuen.

Esan bezala, bat-batean Harringtonen izenak indarra hartu zuen. Eta bakarkako jardueretan, emakume garrantzitsuenetariko bat bezala agertu zen. Bakarra? Etiketa hori jarri bazioten ere, garai haietan protagonista honek ondorengoa baieztatu zuen: «Ez dut neure burua bakarkako espezialista bat bezala ikusten». Hori dio alpinista honek, eta ez dugu zalantzan jarriko. Baina argi eta garbi dago eskalada alpinoan eta hormatzarretan ozen aldarrikatu duela bere izena.

Oso-oso txikitatik izan zuen lotura mendiarekin. Bi urte zituela jarri zituen eskiak lehen aldiz, eta bost urterekin, eski lehiaketetan murgildu zen. Eta horrela beste hamar urte egin zituen. Baina ordurako eski-estazioetatik “ihes” egiten zuen. Hots, Harringtonek dioenez, askatasun bila joaten zen: «Batzuetan, entrenamendura oso berandu iristen nintzen. Mendiaren beste aldean nengoen, eta taldekideak nire bila etortzen ziren. Ziur aski, nire haurtzaroan izan nuen benetako askatasunaren lehen esperientzia izan zen. Entrenatzaileek ez zuten jarrera hau kritikatzen. Nire esku uzten zuten, besteak beste, jakin bazekitelako nire ezagutza nahiko sendoa zela. Hots, nire ibilbidea ezagutzeko aukera paregabea ematen zidaten».

Ihesaldi horiek mendiarekin lotura berezi bat eman zioten. Eta horregatik guztiagatik, 16 urterekin erronka handien alde egin zuen. Ikasketengatik New Hampshire-ra joan zen, White Mountains mendilerroaren ingurura. Han, Holderness izeneko ikastetxean sartu zen. Ikastetxe “berezia”. Bai, mendiko kirolak praktikatzeko aukera ematen zuen eskola zen.

Hori gutxi ez, eta alpinista honek eskalada taldean eman zuen izena. Ez gaitu harritzen, ingurumari hartan Rummey, Cathedral Ledge, White Horse Ledge eta halako eskalada guneak baitaude. Kirol eskalada, tradizionala eta luze batzuetako hormak praktikatzeko leku paregabeak: «Ez ginen lehiatzen. Ez nekien eskaladan lehiaketak zeudenik ere. Eta hobe horrela, eskalada horiek askoz ere pertsonalagoak zirelako».

Kanadako gailur esanguratsuenek inspiratuta, Harrington Vancouver-en dagoen Columbia Britainiarra izeneko unibertsitatera joan zen.

«Muga pertsonalak»

Vancouverretik ordubetera, Squamish zuen. Granitoan entrenatzeko “instalazio” erakargarria. Hainbat lesio (lepoa hautsi zuen) zirela-eta, hogei urterekin eskia utzi eta eskaladan zein ipar-eskian zentratu zen. Eskaladari dagokionez, Squamish-en gogor jardun eta 8a zailtasuneko bideak kateatzera heldu zen. Urte batzuetan gogor estutzen jardun zuen, eta, jasotako eskarmentu horri esker, proiektu sendoagoak aztertzen hasi zen.

2015. urtean, Kalifornian lanean zela, eskalada tradizionalean goi mailako igoerak sinatu zituen. Horien artean, “Muir Wall” bidea (VI, 8a+). Ia librean gainditu zuen, eta Marc-Andre Lecrec izan zuen sokakide. Hots, garai hartako bikotekidea. Eta Lecrec aipatuta, esan beharra dago protagonista honentzat inspirazio iturri handia izan zela: «Eskaladak dituen beste estilo batzuk aurrez aurre jarri zizkidan; batez ere, neguko jarduerak. Marc-Andrek asko irakatsi zidan, eta, adibidez, bakarka eta era librean eskalada batzuk egin nituen. Adibidez: Northeast Buttress (Mount Slesse, 6a). Asko lagundu zidan estilo horretako jarduerak era egokian egiten».

Gai honen inguruan, Harringtonek dio eskaladaren adar gisa ikusten duela. Eskalada alpinoan hasi zen, eta, ondoren, beste urrats hori egin zuen: «Asko gozatzen dut bakarkakoekin. Erakartzen nautenez, buruan beti xedeak ditut. Horrekin ez dut esan nahi espezialista bat naizenik. Estilo horretan jarduera batzuk egiten ditut, baina kirol eskalada eta hormatzarrak (jakina, sokakideekin) ez ditut alde batera uzten. Bakarkako igoera bat egiten ari naizenean, mendiak beste ikuspegi bat ematen dit. Nire pentsamenduekin erabat lotuta egoten naiz. Buruari asko eskatzen dio, eta, mugimendu fisikoekin gertatzen zaidan bezala, horrekin ere disfrutatzen dut. Zalantzarik gabe, bakarkako eskaladek nire muga pertsonalak noraino eramaten ditudan argitzen didate. Batez ere, jakiteko eskalatzen ari naizen bitartean zer eremutan ez naizen eroriko. Baina antzeko egoerak sokakideekin ere bizitzen ditut. Besteak beste, arrokaren kalitatea oso txarra denean edo neure burua babesteko zailtasunak ditudanean».

Arestian aipatu dugu “Chiaro di Luna” izan dela bakarkako eskaladetan ospea eman diona. Marra horri ekin baino lehen, Lecrecekin igo zuen: «Marc-Andrek esan zidan pronto nengoela helburu horretan sartzeko. Eskalada horrek asko eskatzen zuenez, neure burua hotz mantendu behar nuen. Eutsi egin behar nien neure buruan sortzen ziren zalantzei. Denbora luze batean oso kontzentratuta egon nintzen, eta jakin banekien gai nintzela proiektu hori biribiltzeko. Hala ere, argi dut izaera horretako bizipenak ez ditudala egunero bizi nahi. Gehiegizkoa izango litzateke; horregatik guztiagatik, noizean behin egitea ez dago gaizki».

Bakarkako jarduerek estatubatuarraren ibilbidean garrantzi handia izan badute ere, ezin dugu ahantzi sokakide ezberdinekin eginiko eskalada bikainak: Waddinton-eko mendilerroan (Kanada), Kapitainen, Baffin-en, Patagonian, Kanadako Mendi Harritsuetan... Eta beti bezala, guztiak ala guztiak oso estilo onean eta arinean.

Bere azken lorpen handiena joan den otsailean sinatu zuen. Patagonian. Quentin Roberts eta Horacio Gratton-ekin batera, Egger Dorrean aldaera bat sortu zuen. Hain zuzen ere, bere bikotekide Lecrec-ek amesten zuen jarduera. Horregatik, “Marc-Andre Vision” deitu dio. Gogoratu behar dugu, Harringtonen bikotekidea 2018. urtean zendu zela Alaskan izaniko istripu baten ondorioz.

Aldaera hori, berez, “Titanic” bidea (7b, 90°, 750 m) baino zailagoa da. Denera, lau luze berri ditu: «Hotz handia egin zigun, eta une jakin batzuetan oin batean kranpoia jarrita genuen, eta bestean katu-oina. Marc-Andrek marra hori duela sei urte ikusi zuen; hain zuzen ere, neguan eta bakarka Egger Dorrea eskalatu zuenean. 24 urte besterik ez zituen, eta alpinisten komunitatea ahoa bete hortz utzi zuen. Marc-Andreren ametsa bukatzea lortu dut. Lau luze berri horiekin izotz sekzio bat saihestu ahal izan genuen».