EDITORIALA
EDITORIALA

Izugarrikerien Mauthausen liberazioaren urteurrenean

Covid-19aren krisiak markatu du nazien porrotaren eta II. Mundu Gerraren garaipenaren 75. urteurrena. Birusa mehatxu itzela da, baina ez da Alemania nazia, beste herrialde bat «garaitzea» ez da pandemia bat kudeatzea. Zuhur ibili behar da bestela esaten duten buruzagiekin, urteurrenaren ospakizuna gaixotasunaren kontrako «gerra» irabazi dutela aldarrikatzen aritu direnekin. Liberazioa ekarri zuen 1945eko maiatz hartan bezala, egun aurrean daukagun erronka nagusia ez da iraganekoa, etorkizunekoa baizik.

Ospakizunean Mauthauseneko lan-esparrua liberatu zeneko 75. urteurrena nabarmendu da. Juduen sarraski-esparruetako holokaustoaren aitzindari eta trebaleku izandakoan, ehunka eusko gudari eta antifaxista hil zituzten, SSk fusilatuta, esparruko lan zikina egiten zuten kapoen esku edo heriotzaraino lanean lehertuta. Euskal historiografiak gure aberkide horiek Mauthausenen bizitakoa ia ez du jorratu, ez da apenas lerrorik idatzi, eta jakina da kontatzen ez den historia ahazten den historia dela. Horrek ematen die urteurrenei existitzeko arrazoia: gogoratzeko aukera, aitzakia nahi bada.

Mauthausenen entseatu zen holokausto aurreratua, gero Auschwitzen juduekin muturreraino eraman eta Europan estintzioaren atarian utzi zituena, erabateko gertakizuna izan zen. Ezin da ulertu, esplikazio guztiak baino haragokoa delako. Baina, hein handi batean, hark esplikatzen gaitu, bizi garen munduaren parametro etiko, moral eta geopolitikoak ezarri zituelako. Errealitate pentsaezina izan zen, «zergatik?», mailukatzen gaituen galdera irekita uzten duena. Ez dauka esplikazio logikorik, ez dago gogobeteko erantzunik. Hura europar familiaren arteko krimena izan zen, familiak gainean eramaten duen desohore iraingarria. Baina zenbat eta gehiago galdetu «zergatik?», zenbat eta gehiago hausnartu, gizagabetasuna ezagutzetik gertuago egongo gara, eta, orduan bai, agian orduan, errotik kenduko dugu.