GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
PERU GALBETE
MUSIKARIA

«Mezua garrantzitsua bada ez du jantzi dotore bat zertan eraman»

«Nor zara zu?» lanarekin itzuli da Peru Galbete (Donostia, 1987). Aurretik emanak zituen «Peru» (2016) eta Bolivian sortutako «Voces de la selva» (2017). Bakarlari gisa ondutakoa tarteka Hatxe taldearekin igotzen da oholtzara. Disko fisikoa heldu bitartean, Bandcamp.com eta Badok.eus-en dago entzungai.

Argazkia: Ion MARKEL.

Gutxiago gehiago da zenbaitetan. Soiltasunak baduelako edertasunetik asko. Gutxirekin asko esatea. Edo dena esatea. Peru Galbeteren (Donostia, 1987) musikak eta letrek premisa horretan dituzte oinarriak. Bere ahotsa da bere instrumentu nagusi eta boteretsuena, magnetiko eta enigmatikoa. Bigarren planoan ukelelea, gitarra eta pianoa. Kantuak eskatzen duenaren arabera. Mezuak. Hori delako inportanteena. Kontatu nahi dena eta utziko digun hondarra.

Hiru urte igaro dira musikariak bere azken lana kaleratu zuenetik, “Voces de la selva”, Boliviako naturaren bihotzean jasotako soinuez lagundua. Lehenengo lana urtebete lehenago argitaratu zuen, 2016an, eta bere izena jarri zion: “Peru”. Azken hau, “Nor zara zu?”, Mukuru kolektiboarekin egin du. Bertan bildu ditu hamar kantu, sorta intimo bat, banan-banan kontzientzia handiz aukeratuak. «Beti nabil kantuak egiten, baina askotan falta zait aurkitzea denbora dena ixteko, bukatzeko, lana aurrera ateratzeko indar hori. Eta nik momentu honetan aurkitu dut horretarako indarra», aitortzen du.

Azken hiru urteotan Usurbil, Uharte eta Urretxu artean idatzi eta grabatutakoari buruz, «musika hau barrutik egindakoa» dela dio, sentitu duen bezala, erraietatik irten zaion eran. Letrak sentitu eta bota, «buelta gehiegi eman gabe». «Gaur egun maiz saturatu egiten naiz dagoen zarataz edo soinuaz. Hautua egin dut pixka bat lasaiago hartzeko dena, garrantzia ematea isiluneei, hitzen eta hitzen arteko arnasguneei… hori inportantea da».

Nork bere buruari entzutearen inportantzia. Zer dio bihotzak? «Barruak eskatzen dit garrantzia ematea hitzei eta lehenengo ahots horri, eta ez gehiegi janztea ondoren. Horretan sinisten dut. Mezua garrantzitsua baldin bada ez du zergatik izan behar halako jantzi dotore bat». Eta ez du behar, gainera. «Nire ahotsa, niretzat, beti izango da lehenengo instrumentua. Nahiz atzean egongo diren ukelelea, gitarra edo pianoa». Azken lan honetan Hego Amerikako txarangoa erabili du.

Kanten osotasuna

Lehenengo diskoa gurasoen etxabe batean grabatu zuen, eskuzko grabagailu batekin; bigarrena basoan, Bolivian. “Nor zara zu?” ere modu ‘domestikoan’ egin duela aitortzen du. Jakina, ez du ezkutatzen batzuetan faltan bota dituela teknikari baten esperientzia eta aholkuak, baina beste bide honek askatasuna ematen dio nahi duen moduan eta momentuan grabatzeko, «presiorik gabe, estudioetako arauetatik kanpo». Horrela lortzen du soinu bat ‘artisaua’ eta «adierazten duena».

«Ditudan baliabideekin ikasten joan naiz nola lortu ahalik eta kalitaterik oneneko soinua, baina niretzat garrantzitsuenak kantak dira, eta ondo justifikatzea aukeratu ditudan hamar kanta horiek zergatik dauden diskoaren barruan. Eta beste hamar aukeratu izan banitu beste disko bat litzatekeela, erabat ezberdina». Kanta asko utzi ditu kanpoan disko honen nortasunean enkajatzen ez zutelako. Osotasun bat eman nahi izan dio. Prest utzi du beste kanta sorta bat, aurrerago aterako duena.

Denborari ondo eutsiko dioten letrak eta mezuak bilatzen ditu. «Lan handiena ez da hainbeste kantak hastea, baizik eta bukatzea eta aukeratzea. Batzuetan badirudi sortzen duzun bakoitzean ari zarela egiten izugarrizko kanta, baina gero utzi behar zaio denborari bere lana egiten, berriro entzun eta orduan erabaki. Kanta hauek zuzenekoan eman nahi baditut gustura egon behar dut haiekin, gustatu behar zaizkit denborak aurrera egin ahala, ondo zahartu behar dute».

Peru Galbetek askatasuna topatu du musikan, «izugarrizko» terapiatzat du. «Musika ez dut ikusten hautu bat bezala, baizik behar bat bezala, ondo jakin gabe ere zergatik. Ikusi nuenean ondo egiten zidala, musikan gero eta gehiago murgiltzen hasi nintzen. Mugarik gabeko ate bat da niretzat».

Atea askotan zeharkatu du, bakarka zein konpainian. Hatxe taldearekin konpartitzen du oholtza, Idoia Hernandezen pianoarekin. Otsailean kaleratu zuten lau abestiz osatutako azken diskoa, “Panpin hautsien dantza”, eta hasiak ziren kontzertuak eskaintzen. «Nik proiektu honetan ahotsa jartzen dut, egia esan, Hatxe taldeak asko eman dit ahotsarekin esperimentatzeko, eta horrek nire kantetan badu eragina. Bakarka eta taldean aritzea bateragarriak dira. Nik bakarrik egin ezingo nituzkeen gauzak egitera bultzatzen nau taldeak», uste du.