MAY. 18 2020 ZIRIKAZAN Atsedenaldi estetiko hura Josebe EGIA Eguneko edozein unetan kalera atera eta bizitza bertara itzuli dela egiaztatzen dugun fase honetan, niri dagoeneko erabateko itxialdi-garaiko nostalgiak sortzen ari zaizkit. Esan beharra daukat ni neu oso gutxi egon naizela etxezuloan konfinatuta; ez arauak hausteko jarrera matxinoa izatearren, edo klaustrofobiak eta antsietateak bultzatuta, nire zaintzaren (zainketen) beharra izan dutenak artatu ahal izateko baizik. Hala, dezente zapaldu ditut kale huts-hutsak, dezente behatu ahal izan ditut unean-unean supermerkatuko edo okindegiko atean ilara egiten ari ziren, ari ginen, lauzpabost katuen jokabideak, bai eta itxurak ere, balkoietako mugimendua, elkarrizketak, festak eta begiradak, eta dezentetan aurkitu dut neure burua irudikatzen, amesten kasik, nolakoa izango ote zen bizitza jendeak berriz kaleak betetakoan. Bada, bete dira, eta oraingoz, behintzat, ez dut inolako aldaketarik sumatu koronabirusaren aurreko aroari dagokionez; bai, ordea, konfinamendu gogorreko irudiekin alderatuta. Adibidez, jendea berriro dabil auzoan zehar gala batera joatear balitz bezala apainduta; andrazkoak bereziki, nola ez: ilea ezin hobeto moztuta eta koloreztatuta, makillajea bere lekuan, igandeetako arropa eta oinetako dotoreak soinean; hala erosketa batzuk egitera joateko nola terrazaren batean lekua topatzeko esperantzaz bizitza sozialera, eta ezinbestean besteren begiraden jomugara, itzultzeko. Berehala baztertu dugu, antza, jendea –jendartea– desagertuta egondako egunek ekarri ziguten arindu eta atsedenaldi estetikoa, «Beti eder»-en aldean erosotasuna, naturaltasuna, konplexurik gabe lehenesteko aukera paregabea. Ezagunekin topo egingo ez genuen eta ekitaldi sozialetan parte hartuko ez genuen ziurtasunak, «Total, hogei minutu egingo ditut etxetik dendara eta buelta, bakardade absolutuan», ile eta piura hauekin hara-hona eta bost axola besteren epaiak eremu gutxiegi jorratuan bizi izateko askatasuna eman zigun, eta nabaria zen aldea, eta zinez ederra, auzoko kaleetan eguneko edozein unetan. Zenbat irri eragin didan neure eta inguruko neska-emakumeen liberazio horrek, zenbat gozatu dudan artifiziorik gabeko berezko edertasun hori ikusten, irudikatzen koronabirusaren osteko aroan emakumeok norbere neurriaren arabera emango diogula garrantzia geure buruaren eta gorputzaren nolakotasunari... kalera berriro ateratzen ari den jendarteak ere pertsonekiko begirada berrituko zuelakoan.