GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Arrazakeria ez da debeku jada


Errazagoa da, noski, anekdotari begira geratzea. Baina kategoriak hausnartzeko garaia izan behar luke oraingoak, inoiz izatekotan. Eta inoiz desagertu ez den –eta, agian, inoiz desagertuko ez den– arrazakeriarena da kategoria potolo horietako bat. Gela barnean dugun elefantea. Izurriteak utziko digun emaitza iraunkorretako bat.

Anekdota da, adibidez, Peter Navarro batek esatea Obamaren agintaldia «ezgaitasunaren kumbaya» bat izan zela. Esapidearen kutsu peioratiboaren azpian datzan keinu arrazista berehala kausituko zuten askok Estatu Batuetan. Eta ziur nago egileak halaxe nahiko zuela. Baina AEBek une honetan duten arrazakeria arazo larria ez datza Navarro bezalako saltinbanki politiko baten, ez beste inoren, adierazmoldeetan. Arazoaren aparra da hori.

Mamia, oraintxe bertan, da aste honetan ez bada hurrengoan 100.000ra iritsiko diren hildako horien azal-kolorea. Edo gordinago esanda nahi baduzu, Hart irlako zangan ehortzita geratzen ari direnena. Eta ifrentzuan, etxeratze-aginduen aurka manifestari dabiltzan guzti-guztien azal-kolorea, edozein iruditan ikus dezakeguna. Gizarte bat eta bereko kideak liratekeela amets egin omen zuen batek duela mende erdi pasa. Amets izaten jarraitu beharko du.

Orain, gainera, iraungita zirudien amesgaiztoa ari da loratzen Estatu Batuetan: txinatarren eta, oro har, «asiarren» aurkako arrazakeria. Gure artean ez bezalako tradizioa duena AEBetan, zio historiko-ekonomikoak direla medio. Eta jendarte arrunteko krudelkeriez harago, isla juridiko-legal ikaragarria eduki duena, ia ehun urtez.

Elefante hori ez da inoiz irten gelatik Estatu Batuetan eta Europako hainbat lekutan. Gehienera, lokartuta, etzanda egon da, Navarrok “kumbaya” deitu duen horren gisako zerbaitetan. Orain, esnarazi eta zutitu egin dute batzuek. Eta edozein arrazakeriarekin, beti, gertatu den bezala, elefantea apaingarri «intelektualez» eta doktrinaz janzteko prest dauden saltinbankiak tropelean agertzen ari dira.

Asiarren aurkako arrazakeria ez da debeku jada.