MAY. 29 2020 JOPUNTUA Alarmarako legeria Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Alarma-egoeraren bukaera gero eta hurbilago dagoela agerikoa da; berehala hauteskunde kanpainan murgilduta egongo gara eta oporretarako planak egin ditzagun animatzen gaituzte. Hala ere, asko dira oraindik sortzen zaizkigun zalantzak, orain arte ez baita alarma-egoera egun bezain modu zabalean aplikatu. Larrialdietarako zuzenbidea nobedadea den arren, egitura iraungi batean oinarritzen da. Erreferentziako esparru juridikoa osatugabea eta zaharkitua da, autonomia-erkidego sistema oraindik garatu gabe zegoenekoa. Martxoaren 14ko Errege Dekretuak, Alarma Egoera deklaratzen duenak, debekuak eta betebeharrak ezartzen ditu, baina ez, ordea, arau-hausteen eta zehapen edo zigorren katalogo zehatzik. Zehapen-atalean, legeria orokorrera igortzen du, besterik gabe. Bestalde, gogoratu behar dugu araudia interpretatzen duten tresna formalak eta informalak ugaritu direla, horretarako legitimazio nahikorik izan gabe. Esaterako, zenbait herriren bandoak, Ertzaintzak eta udaltzaingoek egindako argibideak, edo finken administratzaileen elkargoak igorritakoak. Berez, zalantzazkoa eta konplexua den arau-esparru baten nahasmen handiagoa sortu da. Zein da, orduan, aplikatu beharreko legeria orokor hura? Osasun-legeriara jo zitekeen osasuna babesteko ikuspegi batekin. Dena dela, agintari gehienen joera herritarren segurtasunari buruzko arauen alde egitea izan da. Horietan, autoritate-printzipioa da babesten dena, ez osasun publikoa edo norbanakoaren osasuna. Ildo horretan, “Mozal legeak” –Herritarren Segurtasuna Babesteko Legeak–agintariei desobeditzea edo jarkitzea zigortzen du; hortaz, araudiaren ez betetze soilak ez dakar, berez, inolako zehapen edo zigorrik. Nolanahi ere, aplikazioa ez da zentzu bakarrekoa izaten ari. Zorabio horrek guztiak ez dio, jakina, segurtasun juridikoari laguntzen. Proposatu den zehapen kopuru izugarri horretatik batzuk epaitegietara helduko dira eta hor ere aztertzeko moduko eztabaida izango da. Garbi dago arau-aldaketa ezinbestekoa dela berme handiagoak lortzeko, azken helburua osasuna babestea baldin bada. Agintari gehienen joera herritarren segurtasunari buruzko arauen alde egitea izan da. Horietan, autoritate-printzipioa da babesten dena, ez osasun publikoa edo norbanakoaren osasuna