Fosbury jauzia
Erresilientzia dosi galanta beharko omen dugu normaltasun zahar-berritura egokitzeko. Denok omen dugu, giza gaitasuna omen da, muturreko egoerak malgutasunez onartu eta gainditzeko dohaina. Zalantzan jartzen dut, egoerak (er)aldatzeko nahikoa ote den. Konfinamendu garaietako hausnarketa eraldatzaileak tokitan geratu dira, gure herrietako espazio publikoen estetika terraza pribatuek okupatu dutenean eta udaberriko eguzki errainuek lagunduta, maskara eta eskularruak lagun, lapurtutako askatasun egarria mahai-aulki joko desenfrenatuan berreskuratu dugunean. Hala ere, aldaketarako kontzientzia soziala eta politikoa areagotu du krisi honek eta eredu kontrajarrien eztabaidak, herritarron osasuna erdigunean jartzeak ez ezik, honek sistemaren egiturazko gabeziak agerian jarri ditu. Eredu talka nabarmena agerikoa da gai estrukturaletan: osasungintza, hezkuntza, haur eta adinekoen zaintza, enplegua, larrialdi klimatikoa, aberastasunaren sorkuntza eta birbanaketarako formulazioen gainean. Estrukturalki aldatu ala bere horretan oraingoa mantendu. Krisi hau ez da munduaren amaiera, baina bai mundu ziur baten amaiera: hauskorrak gara eta lehendik zetozen aldaketak azeleratu dira. Konplexutasun handiko egoera honetan, zentralitatea berreskuratu behar dute etorkizuna aldatzeko erronkek eta gari-alea lastotik bereizi; hauteskunde kanpainako eslogan, epidemiologoen zuhurtzia, garai zaharreko lokaztien artetik jauzi eginez. Beste salto bat egiteko unea da, Fosburyk egin zuen bezala. Ipar Amerikako ingeniaritzako ikasle honek diziplina anitzeko bere ezagutzak erabili zituen gauzen moduak errotik birplanteatzeko. 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan Fosbury «flop» deitutako saltoak betirako aldatu zuen altuera jauziaren forma eta mekanika. Bihurgune formarekin hasi eta ondoren, bizkarrez biratzeko besoa luzatu zuen, ahalik eta arkurik nabarmenena lortzeko. Gorago salto egiteko, arkua zabaltzea komeni da. Arrazoia edukitze hutsak askotan ez baitu zertan zentzuzkoena hori denik esan nahi; gizartea ertz eta begirada zorrotzetatik aztertu eta ulertutakoan, politikan ere asmatuko da.