Asier ROBLES
KORONABIRUSAREN KRISIA

SEGURTASUN NEURRI ASKO ETA BISITARI GUTXI

KORONABIRUSAREN PANDEMIAREN ERAGINEZ EUSKAL HERRIKO MUSEOAK BI HILABETE BAINO GEHIAGOAN ITXITA EGON ONDOREN, ATZO BATZUEK ATEAK IREKI ZITUZTEN EGOERA BERRIARI AURRE EGINEZ. MASKARAK, GEL HIDROALKOHOLIKOA, URRUNTZE FISIKOA... MUSEOETAKO ERREALITATE BERRIAREN IRUDIAREN PARTE GARRANTZITSUA IZAN ZIREN.

Euskal Herriko museo askok ateak ireki zizkioten atzo publikoari, bi hilabete eta erdiz itxita egon ondoren, koronabirusari aurre egiteko neurriengatik. Bilboko bi museo nagusiek, Guggenheimek eta Arte Ederren museoak, hala egin zuten eta GARA bertatik pasatu zen egoera berria ikusteko.

Ateak ireki zituen lehena Arte Ederrena izan zen, 11.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. Ordutegi hori izango du asteko egun guztietan ekainean, eta uztailean eta abuztuan luzatu egingo da.

Museora sartu bezain laster, hartutako segurtasun neurriak ikus zitezkeen. Derrigorrezkoa den maskara jantzi ondoren, museoak berak jartzen duen gel hidroalkoholikoarekin garbitu behar dituzu eskuak eta, ondoren, segurtasun zaindari batek gorputzeko tenperatura hartzen dizu. 37 eta erdi baino gutxiago ematen badizu, bisitarekin has zaitezke. Ibilbide osoan 2 metroko segurtasun tartea errespetatu behar da, ahal den guztietan.

Aldi baterako erakusketen egitarauan, honakoak ikus daitezke: urriaren 12ra arte, Beruete eta Regoyos paisaia margolari berritzaileei buruzko erakusketa; Vicente Ameztoyri eskainitako antologia, irailaren 13an itxiko dena; eta irailaren 13ra arte egongo da era berean Victor Erice zinemagileak egindako “Harria eta zerua” bideo instalazioa. Bestetik, Kirmen Uribek diseinatutako “ABC. Museoko alfabetoa” abenduaren 30era arte egongo da zabalik.

Arte Ederren museoak 50 bisitari jaso zituen egun osoan, eta kopuru horrekin «pozik» daudela adierazi zuten. «Inoiz gertatu ez den fenomeno bat bizi ondoren, pozik gaude jendea museoa ikustera etorri delako», esan du Marta Garcia museoko komunikazio taldeko kideak.

Guggenheim

Bilboko Guggenheim museoak 14.00etatik 19.00etara ireki zituen ateak, eta hasieran ilara txiki bat izan arren, lehen orduan hogei bat bisitari baino ez ziren izan.

Sartzeko, segurtasun neurriak berdinak ziren: maskara, gel hidroalkoholikoa eta tenperatura hartzea. Barruan, gel banagailu batzuk ere badaude erakusketen sarreran eta igogailuetan.

Bisitarako emandako argibideak nabarmentzekoak dira. Panel berde batzuetan azaltzen dira hartu beharreko neurriak, gezi arrosek norabide bakarreko ibilbidea markatzen dute erakusketa ezberdinak ikusi ahal izateko, eta marra gris batzuek artelanekiko utzi beharreko distantzia markatzen dute. Gainera, erakusketen atal gutxi batzuetan ezin da sartu, museoak berak dioenaren arabera ezin delako bi metroko segurtasun tartea egon bisitarien artean. Eserlekuetan, zenbat pertsona eser daitezkeen bakoitzean eta zer distantziatara markatu dute.

Bilboko Guggenheim museoak, uda amaierara arte luzatuko ditu konfinamendua iritsi zenean zabalik zituen lau erakusketak (Olafur Eliasson daniarrari, Lygia Clark margolari brasildarrari, Richard Artschwger estatubatuarrari eta William Kentridge bideo artistari eskainitakoak).

Ildo horretan, uda honetarako aurreikusitako erakusketak atzeratu edo, hala badagokio, erakusketa bakoitzaren arabera eta egoeraren arabera bertan behera geratuko direla adierazi zuen Vidartek, baina oraingoz ezin izan zuen zehaztu zein izango den udazkeneko egoera.

Nahiz eta 2. fasean ohiko edukieraren %50arekin (5.361 pertsona) zentroa berriz irekitzeko aukera izan, Guggenheimeko zuzendaria den Juan Ignacio Vidartek atzo adierazi zuen museoak aldi berean 400 pertsonara murriztea erabaki duela (legezko edukieraren %7,5) eta horretarako sarreren salmenta mugatuko duela.

Vidartek azaldu zuenez, ekain honetan museoak aurreko ekainetan jaso izan duen ohiko bisitari kopuruaren %5 eta %10 artean izatea aurreikusten du, eta eragin ekonomikoa «handia eta oso garrantzitsua» izango dela adierazi zuen; izan ere, «urteko aurrekontuaren herena sarrerak saltzetik dator eta bisitarien %70 atzerritarrak dira». Atzo arratsaldean 80 bisitari gerturatu ziren bakarrik.

Bi museoetan mugimendu gutxi egon zen irekieraren egunean. Hainbat bisitarik adierazi zutenez, museoetara joan ziren berriro artearekin topo egiteko, museoei laguntzeko eta nola funtzionatuko zuten ikusteko jakin-minez.

Sarrerak Internet bidez

Bi museoek sarrerak Interneteko kanalen bidez aldez aurretik erostea aholkatu dute, eta hori sustatzeko Guggenheimek 16 eurotik 10era jaitsi du sarreraren prezioa Internet bidez.

Bestalde, Arte Ederren museoak sarreraren prezioa %50 jaistea erabaki du, 5 euroko salneurria izango du hilabeteotan. 25 urtetik beherakoak, desgaitasuna duten pertsonak eta langabeak doan sar daitezke.

Gaurko, beste museo batzuen berrirekierak daude aurreikusita, hala nola Bilboko Itsasmuseum, Enkarterriko Museoa, Arte Sakratuaren Museoa, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa... Bihar, aldiz Euskal Museoaren eta Bilboko Berreginen Museoaren txanda izango da.