Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Marc Torallesek xede bikaina biribildu du trad estiloan

Katalanak Cova de l’Ocell haitzuloan dagoen «El Naufrag» (8a+/b) kateatu du, bere burua babesteko hiru friend soilik erabilita gainera.

Marc Torallesek “ezustekoak” emateko gaitasuna badu. Inork ez du zalantzan jartzen alpinismorako duen gaitasun itzela. Baina bere azken jarduera adar horretatik aldendu da. Hormatzar gogorretan aurki dezakegu katalana, baina baita kirol eskaladan ere. Eta hain zuzen ere, konfinamenduaren osteko garaian, eskalada eskola batean egon da. Gainera, etxetik oso gertu.

Cova de l’Ocell haitzuloan izan da. Bartzelonako probintzian dagoen koba horrek azken urteotan sona handia hartu du. Besteak beste, boulderrean zein kirol eskaladan izen handia hartu duten muturreko proposamenak daudelako bertan.

Baina Toralles ez zen kobara “izar” horien bila gerturatu. Ez daude bere sintonian, eta hori diogu zailtasun handiko marra edo bloke horiek egiteko sasoirik ez duelako. Bitxia bada ere, txapez jositako alderdi ezagun horri “burla” egin dio. Segurtasuna lehenesten den leku batean, arriskuari ateak zabaldu dizkio. Beste era batera esanda, paraboltekin ekipatutako bide bat eskalatzen aritu da, baina segurtasun hori ematen duten gailuok erabili gabe.

Kirol eskaladako eremu batean trad estiloa ozen aldarrikatu du. Eta arrakasta izan du. Torallesek “El Naufrag” bidea (8a+/b) kateatu du, baina bere burua babesteko soilik hiru friend erabili ditu. Hori gutxi ez, eta zailtasun horretako bere lehenengo bidearekin egin da.

Irakurleek jakingo dutenez, eskalada tradizionalak bere baitan du arriskuaren osagaia. Lerrootako protagonistak, gainera, beste plus bat gehitu nahi izan dio bere jarduerari. Oro har, trad estiloaren espezialistak pareta etzanetan edo bertikaletan eskalatzen ikusten ditugu. Torallesek, berriz, sabai bat aukeratu du. Horrenbestez, eroriko batean friend-a askatuz gero, normalena zoruaren kontra jotzea izango litzateke.

Baina eman diezaiogun hitza orriotara hurbildu den eskalatzaileari. Lehenik eta behin, Torallesek adierazi digu amets bat egia bihurtu duela: «Harrigarria bada ere, ‘El Naufrag’ da orain arte lortu dudan bide gogorrena. Jakina, zailtasunean. Eta, gainera, trad estiloan. Urte batzuk igaro ditut ekinaldiak egiten. Etxe ondoan dudanez, xede bezala hartu nuen. Marra ondo aztertu ondoren, ziur aski alpinista naizelako, konturatu nintzen friend-ekin eskalatzea posible zela. Jakin banekien, hori bai, oso arriskutsua izango zela; finean, sabai bat eskalatzen ari nintzelako eta lurra oso gertu dagoelako. Baina eite horiek motibatu egin ninduten».

Lau urteko lanaren ondoren, gutxi gorabehera, eskalatzaile katalanak bideari puntu gorria jarri dio azkenean trad estiloan. Onartu du zirkulua erabat ixtea kosta egin zaiola: «Oso sasoiko nengoenean espedizioren bat tartean izaten nuelako izaten zen eta, ondorioz, saioak bertan behera utzi beharrean izaten nintzen. Espedizioetatik bueltan, berriz, jada ez nintzen indartsu izaten eta berriro sasoia hartu beharra izaten nuen. Lau urtez ibili naiz horrela. Azken hilabeteok, gainera, bereziak izan dira oso. Baina etxean zer edo zer entrenatu dut, eta aukera izan dut kobazulora joateko».

Oso arriskutsua

“El Naufrag” bidearen ezaugarriei dagokionez, aurreratu behar dugu lehen hiruzpalau metroek 7b/+ maila dutela. Hasiera horrek ez du erori handirik, baina jarraian sabai bat zeharkatu behar da: «Lehen metroetan ezin duzu ezer jarri, baina sabaian sartzen zarenean friend bat jartzeko aukera dago. Jakina, egiten diren mugimenduak oso akrobatikoak dira. Helduleku kamuts batera heltzen zara. Eskalatzaile batzuek leku horretan atseden hartzen dute. Nik ezin dut, soilik arnas pixka bat hartzen dut. Artesi irregular batean beste camalot bat jartzen da. Ondoren, mugimendu asko dituen sekuentzia gogor bat gainditu behar da. Eta zeure burua babestu gabe gainera. Bileratik hiru metrora triangulatzen diren bi friend jartzeko aukera dago. Sabaia atzean uzten da, eta azken sekzioa bertikala da. Blokeko pausu batzuk daude; azkena, 7a mailakoa. Pausu horretan makina bat eroriko izan ditut. Denera, ‘El Naufrag’-ek 25 metro izango ditu, eta zorutik hamar metrora zaude».

Arestian aurreratu dugu: katalanak bidea trad estiloan eskalatu du eta soilik hiru friend erabili ditu. Torallesek berak onartu digu susto bat baino gehiago izan dituela: «‘D egunaren’ lehen ekinaldian, erorikoa izan eta zorutik hiru metrora geratu nintzen. Une horretan neure buruari esan nion ez nintzela berriro eroriko. Kontuan hartu behar duzu hareharria eta konglomeratua dela; hots, arroka biguna. Friend-ak ondo jartzen dira, baina, ez dira granitoan bezala itsasten. Azkeneko friend-ak beldur handia ematen du; ateratzen bada, ziur naiz lurraren kontra jotzen duzula. Alabaina, sekzio arriskutsuena lehen hiruzpalau metroak dira. Sekzio hori ezin duzu babestu, eta horregatik min har dezakezu».

Tradizio handia duten herrialdeetan espezialista garbizaleenek bide bat eskalatu aurretik ez dituzte friend-ak eta fisureroak jartzen. Eskalatzaile katalanak onartu digu eskalatu aurretik jarri zituela: «Argi eta garbi neukan. Gogoratzen dizut zailtasun horretako nire lehen bidea izan dela. Beraz, eskalatzen ari naizen bitartean ez dut friend-a atera eta ondoren jartzerik. Horrez gain, arroka horrek, granitoak ez bezala, ez dizu segurtasunik ematen. Ni ez naiz espezialista bat. Era horretan egiteko eskalatzaileak egon daitezke. Eta, zergatik ez, egunen batean bide hori bakarka integralean eskalatuko da. Nik gustuko dut eskaladaren adar ezberdinetan mugitzea. Ezin izango nuke beti kirol eskalada egin. Edo izotz eskalada. Eskaladak duen onena da zuk zeure buruari arau batzuk jartzen dizkiozula. ‘El Naufrag’ kateatu eta bidetik jaitsi nindutenean, galdetu zidaten jarrita dauden txapak ea kenduko nituen. Jakina, nik ezezko erantzuna eman nuen. Eta gehitu nuen paraboltak kenduko nituela baina kimikoak jartzeko; izan ere, txaparen bat edo beste ez daude egoera onean».