«Haize-lekuak», 36ko gerra nerabearen begietatik jasoa
36ko gerran eta haren ondorioetan oinarritu du Amaia Telleriak bere lehen eleberria, «Haize-lekuak» (Alberdania). Mikela nerabeak baserria eta ezagun zaion mundua utzi beharko du atzean orainari aurre egiteko, eta irakurleak haren begietatik biziko du gerraostea.
Baserri giroan jaiotako nerabe baten begietatik 36ko gerrara eta haren osteko egoera lazgarrira eramango du irakurlea Amaia Telleriak bere lehen eleberrian, Alberdaniarekin kaleratu duen “Haize-lekuak” lanarekin. «Ez da Gerra Zibilari buruzko eleberri bat, baizik eta egoera zail horretan aurrera atera beharra daukan familia eta, bereziki, neskato bati buruzkoa», argitu zuen egileak atzo Donostian egin zen aurkezpenean. Gerra egoerak eta nerabearen bizitzeko grinak egiten duten kontrastean jarri zuen begia: «Kontraste izugarria egiten du gerraren atzeko oihalak –batzuetan lehen planora ere pasatzen denak– eta neskatoaren bizi-egarriak», esan zuen.
Egilearen hitzetan, Mikelak, protagonista nagusiak, kolpe bakar batez ikasi beharko du bere familiagandik eta etxetik aparte bizitzen, eta ulertzea kostatzen zaion mundu berri batean bere kabuz ibiltzen; «gure aurrekoek, askotan, horrelakoa izaten baitzuten heziketa sentimentala: zirt-zartekoa, prestakuntza askorik gabekoa, bizitzaren erritmo maiz bihurrietan, eta ez haur baten erritmoetan».
Telleriak aurkezpenean alboan izan zuen Jorge Gimenez Bech, Alberdaniako editorea. «Sotiltasun landua darabil idazleak kontatzeko, eta inguru itxuraz bare baina sakonean gatazkatsu baten berri jasoko dugu pertsonaien begietatik, alferrikako enfasirik gabe, modu leunean, jende xehearen bizimoduan ohi den bezala. Baina emozioz gainezka beti, hori baita Telleriaren eleberri honetan osagai nagusia: emozioak transmititzeko erraztasun dotorea, bigunkeriarik gabeko zehaztasuna», ziurtatu zuen. Telleria «naturaltasunez» mintzo dela ere nabarmendu zuen editoreak, «lur eta nekazaritzatik, herri hizkeratik oso-oso hurbileko xarma batez, baina gaur egungo irakurlearengana iristeko modu eraginkorrean».
Liburua, formatu elektronikoan, erdi prezioan (5,75 euroan) eskuratu ahal izango da bihar, ekainak 17, egun osoan zehar Alberdaniaren webgunean.