GARA Euskal Herriko egunkaria
OBITUARIO

Errefuxiatuen Komiteko arduradun izandako Juantxu Nafarrate zendu da


Juantxu Nafarrate iheslari ohia zendu da, 65 urterekin. Errefuxiatuen Komiteko arduradun izan zen 1986ko uztailean Polizia frantsesak indar armatu espainolen esku utzi zuen arte. Barne mailan, erreferentzia handiko militantea izan zen garai hartan. Hainbat hedabidek ETAko bulego politikoaren arduradunetako bat zela esan zuten.

1986ko uztailean kanporatu zuten Iparraldetik Hegoaldera Juantxu Nafarrate, iheslarien kontrako prozedura berri bat martxan jarri zutenean. Epaitegietatik pasa ere egin gabe, egun batetik bestera polizia frantsesek polizia espainolen esku uzten zituzten iheslariak. Tortura salaketa masiboak ekarri zituen prozesu hark. GALen ondotik jarri zen martxan eta Frantziako Gobernuak urrats esanguratsua egin zuen horrela. Gatazka gordindu baino ez zen egin.

Zendu den Juantxu Nafarrate arabarra erreferentzia handiko pertsona izan zen iheslarien artean. Hala oroitu izan du, esate baterako, Jose Manuel Pagoaga Peixoto iheslari historikoak. 1986. urtean atxilotu zutenean, hainbat hedabidek ETAko bulego politikoaren arduradunetako bat zela argitaratu zuen. Izan ere, garai hartan ezker abertzaleko goi mailako bileretan ere parte hatu zuen.

Kartzelan urte batzuk egin ostean, 90ko hamarkadaren hasieran Hego Euskal Herrira bueltatu zen bizitzera. Ardura politiko garrantzitsuak hartzeko proposamenak izan zituen arren, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide izatea ere proposatu baitzioten, militantzia aktiboa utzi zuen Nafarretek.

Duela sei urte agertu zen azkenekoz, Alcala atentatuaren 25. urteurrena betetzen zelarik, Josu Muguruzari buruz egindako lanetan (GARAk liburu bat kaleratu zuen, “Josu Muguruza, balek hondatu ez zuten ametsa”) bere testigantza emateko, bere aletxoa jartzeko. Izan ere, Josu Muguruzaren lagun mina izan zen Nafarrate. Min-mina.

Muguruzaz hitz eginez, bere nortasuna eta balioak ere azaldu zituen Nafarratek emandako elkarrizketetan. «Josuk eta bera bezalako beste batzuek izpiritu bat ekarri zuten. Kritikoak, prestatuak ziren. ‘Bustita’ zetozen beste aldetik eta aztertu beharreko elementu eta kezka berriekin», nabarmendu zuen orduan Nafarratek, Muguruza 80ko hamarkadan Ipar Euskal Herrira ihesi iritsi zen garaia gogoratzerakoan.

Zerbait berezia zekarren belaunaldi harekin «sinbiosi» bat sortu zela zioen, izan ere, «erakundeko ‘elefanteak’ ideiak aldarazten dituzten gauzak onartzen hasi ziren». Lehenago «ez ukitu ez interpretatu» ez ziren gai mordoxka azaldu zirela gogoratu zuen. «Beste sentsibilitate batzuk azaltzeak mugimenduaren gorputz politikoa eta heldutasuna osatzeko aldarrikapen garrantzitsuak ekarri zituen». Nafarrate ez zen publikoki pertsona ezaguna, baina ezker abertzalearen historian lan handia egin zuen militante erreferentziala izan zen. Arnaldo Otegik bere ekarpena nabarmendu zuen atzo.